Aloñak 3-5 galdu du Tolosaren aurka

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko martxoaren 11

Zailena egin ondoren partidua oparitu egin dute Aloña Mendiko jokalariek: 3-5 galdu dute oñatiarrek Tolosaren aurka. Partidua ez da ona izan baina bai gol askokoa.

Markagailuan aurretik

Bigarren minuturako markagailuan aurre hartu dute etxeko jokalariek. Falta baten ondoren Iker Agirrek gola egin du. Tolosak 10. minutuan berdindu du lehia, eta partiduko 30. minuturako aurretik jarri dira: 1-2. Atzelarien hutsegite baten ondoren etorri da gola. Hirugarrena ere lehenengo zatian egin du Tolosak. Baloia jaurti eta langa jo ondoren alderatzea barrura sartu dute Tolosako aurrelariak. Lehenengo zatian Tolosakoak gehiago izan dira, hobeto jokatu dute baloia eta ondorioz ez dute arazorik izan markagailuan aurre hartzeko.

Hirunako berdinketa

Aldagelatik bueltan etxeko jokalariak gogotsu irten dira. 2-3koa Unai Bikuñak egin du; eta, partidua amaitzeko bost minutu falta zirela Asier Ugartek hiruna berdindu du lehia. Norgehiagoka puntu banaketarekin amaitu behar zela zirudienean, etxekoek partidua oparitu egin diote aurkariari. Atzean bi huts egin dituzte eta bietan Tolosak gola egin du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak