Ander Agirre bergararrak irabazi du Gipuzkoako duatloi txapelketa, Oñatin

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko martxoaren 10a

Atleta frantziarrei aurre egiteko asmoarekin irten ziren gainerako atletak zapatuan; eta, asmoa bakarrik ez, haiei aurre egiteko gaitasuna ere badutela erakutsi zuten. Galinier eta Dacquoise atzean utzita Jurgi Etxeandia nagusitu zen zapatuan Oñatiko plazan. Lasterketa polita izan zen, amaierara arte bizia.

12 graduko tenperaturarekin ekin zuten lasterketa. 15:30ean emakumeak abiatu ziren, 15 guztira. Ordu laurden beranduago gizonezkoen txanda izan zen. Korrikako lehenengo sektorean 10 kilometro egin behar izan zuten, Oñatiko zirkuituari bi buelta.

Gaztañaga hasieratik aurrean

Emakumezkoetan Maider Gaztañaga ordiziarra hasieratik jarri zen lasterketa buruan, Korrika ondo moldatzen den atleta da eta bazekien lehenengo sektore horretan hartu behar zuela abantaila. Gizonezkoetan, ostera, lehia gogorragoa izan zen. Galinier eta Etxeandia lasterketaren buruan jarri ziren, eta atzetik 20 bat laguneko taldea zuten jarraika. Bizikleta hartzera lehenengo Gaztañaga iritsi zen. Alde polita atera zien gainerako neskei.

Bizikletako ibilbide guztia –40 kilometro– bakarrik egin zuen Tolosaldeko taldeko atletak. Plazara bakarrik iritsiko zela zirudien, baina, mutilek harrapatu egin zuten. Hain justu, azkeneko metroetan aurre hartu zion 10 bat mutileko taldeak. Ordurako, emakumezkoen lehia erabakita zegoen. Mutilen lasterketa, baina, bizi-bizi jarri zen.

Frantziarrak, kale

Galinier, Etxeandia, Agirre, Ducasse... taldean irten ziren plazatik azkeneko 5 kilometroak egiteko asmoarekin. Galinier frantziarrak, baina, bertan behar utzi zuen lasterketa. Hala, lasterketa Etxeandia bizkaitarra eta Agirre bergararraren artean erabaki zen. Bizkaitarrak azkeneko kilometroetan erasoa egin zion gipuzkoarrari eta helmugara bakarrik iritsi zen. Hamar segundo atzetik sartu zen Agirre. Modu horretan, Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen bergararrak. Distantzia motzean eta sprint distantzian da txapelduna Agirre.

Debagoieneko lasterkariak ondo ibili ziren Oñatin. Agirren bigarrena izan zen eta Beñat Arnaiz bosgarrena (Nafarroan federatuta dagoenez ez zuen Gipuzkoako txapelketan parte hartu). Joseba Luis eta Ritxar de Goñi ere aurreneko postuetan ibili ziren.

Sari banaketa ekitaldia

Lehenengo Gipuzkoako txapelketako sariak banatu zituzten. Ondoren, Oñatiko Triatloi taldeak omenaldi xumea egin zion Iban Altube zenari. Azkenik Oñatiko XXI. duatloiko sariak banatu zituzten. Azkeneko urteetako duatloi politena izan zen zapatuan jokatu zutena.

Protagonisten iritziak Asteleheneko Goiena paperean.

Sailkapena:

Gizonezkoetan

  1. Jurgi Etxeandia 1.54.44
  2. Ander Agirre 1.54.54
  3. Guillaume Ducasse 1.55.00

Gipuzkoako txapelketa

  1. Ander Agirre 1.54.54
  2. Iñaki Añorga 1.55.24
  3. Endika Gartzia 1.56.00

Emakumezkoetan eta Gipuzkoako Txapelketa

  1. Maider Gaztañaga 2.12.26
  2. Lourdes Oiartzabal 2.21.32
  3. Leire Etxezarreta 2.23.09

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak