Helburu garbia Oñatiko duatloian: frantziarrei aurre egitea

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko martxoaren 8a

Aurten ere atleta indartsuak etorriko dira mugaren beste aldetik Oñatiko duatloira (zapatua, 15:30). Laurent Galinier eta Daniel Dacquoise izango dira erreferentzia, eta hemengoak, aurrealdean ibiltzeko gaitasuna dutenak, bikote horri aurre egiteko asmoz irtengo dira.

Debagoienean aurrealdean ibiltzeko gaitasuna dutenak Ander Agirre bergararra (Antxintxika) eta Beñat Arnaiz (Saltoki) aretxabaletarra dira; frantziarrei bakarka aurre egiteko larregitxo, baina taldean lan eginez gero, "min egiteko gaitasuna badugula uste dut", adierazi zuen Arnaizek prentsaurrekoan.

Euskal Herri mailako puntako atletak espero dituzte bihar –tartean Raul Amatriain nafarra, Arnaizen taldekidea. Aste barruan 300 lagunek emana zuten izena, bai gizonezkotan eta baita emakumezkotan ere. Nobedadeen artean aipatzekoa da emakumezkoak ordu laurden lehenago irtengo direla (20 lagunetik gorako taldea), eta bizikletan ezingo direla gizonen gurpilera joan. Astelehenean Harmailatik saioan zabal landuko dute lasterketa, gonbidatuekin.

Gipuzkoakoan, bikain

Joan den asteburuan egin zuten Eibarren Gipuzkoako Txapelketa, eta bertan lan aipagarria egin zuen Bergarako Ander Agirrek (Antxintxika). Sailkapen orokorrean bigarren izan zen, eta Gipuzkoako txapeldun. Harekin batera, beteranoen mailan Oñatiko Triatloi Taldeko Andoni Gartziak ere lehenengo postua lortu zuen.

"Distantzia arriskutsua da"

Oñatikoek Beñat Arnaitz (Saltoki) atleta aretxabaletarra gonbidatu zuten aurkezpenera; aurrean ibiltzeko hautagaietako bat da: "Frantziarrei aurre egiteko asmo garbiarekin gatoz. Baina Oñatikoa distantzia arriskutsua da; korrikako lehenengo hamar kilometroak erabakigarriak dira, suabe egiteko esaten dute batzuek, baina aurrekoek ihes egiten dute; hobe indartsu irten eta eusten ahalegintzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak