Eraikina bera barrutik eta gunea eraberritzeko obra zibila bere gain hartuko du Udalak. Bestalde, lehen sektorearendako egokia den ekipamendua Landa Garapenerako Elkarteak emango duen dirulaguntzarekin erosiko dute.
1.500 litroko zisterna
Berezaoko lokala lehen sektorearendako izango da. Oraindik ez dute zehaztu nola eta nortzuek erabiliko duten.
Udal arduradunek zehaztu duten bakarra da lehen sektorearendako dela eta herriko esne-ekoizleek esnea uzteko zisterna bat izango dutela. 1.500 litroko edukiera izango duen ontzia azaro-abenduan egongo da erabilgarri. "Aurtengo kanpaina orain arte moduan egingo dugu, marmitekin. Hurrengo urtekoa lokal berrian egingo dugu", esan digu Imanol Barrena esne-ekoizleak.
Hain zuzen ere, herriko esne-ekoizleek egindako eskaera oinarri hartuta erabaki du Udalak lokala erostea. "Zailtasunak genituen esnea modu egokian banatzeko. Produktua erosten zigun gaztandegiak geroz eta traba gehiago ipintzen zigun eta bilketa zerbitzua bertan behera uzteko mehatxua egin zigun", esan digu Barrenak. Hori horrela, esnea gorde ahal izateko zisterna bat eskatu zioten Udalari herriko 12 esne-ekoizleek.