Oñatin pozik herrian amaituko den Itzulia jokatuko delako

Irati Goitia 2012ko martxoaren 6a

Azken asteetan kolokan izan da Euskal Herriko itzulia, baina azkenean, egin-egingo da. Izan ere,  Sabadell Guipuzcoanoren babesa lortu du. Beraz, Debagoienean zehar ikusiko ditugu munduko ziklista onenak. Azken etapa Oñatin jokatu den erlojupekoa izango da. Oñatiko etapak antolatzen diharduen Anton Elortzarekin izan gara.

Gaur gauean gustura lo egin duela aitortu digu Anton Elortzak. Izan ere, azken egunak gogorrak izan direla esan digu, ate asko jo behar izan dituzte-eta babesle berria topatzeko. Azken orduan lortutako babesleak jarriko du aurrekontua betetzeko falta zen dirua: 150.000 euro.

Elortzak azaldu digu Kutxabank-ek ezezko eman ostean, Eusko Jaurlaritzara jo zutela laguntza eske eta aurretik zuten konpromisoa betetzeko eskatu ziela. Baina instituziotik jaso zuten erantzuna izan zen ez zutela diru gehiagorik jarriko.

Azkenean baina, Sabadell Guipuzcoanoren babesarekin egingo da itzulia. Mendiko Saria berriz, Bergarako Soraluce kooperatibak lagunduko du.

Oñatin amaiera, apirilaren 7an

Beraz, Euskal Herriko Itzuliaren 52. edizioa Gueñesen hasiko da apirilaren bian eta Oñatin bukatu apirilaren zazpian. Azken etapa hori Oñatin jokatuko den erlojupekoa izango da eta Elortzak aurreratu digu oso etapa teknikoa eta gogorra izango dela.

Bestalde, Elortzak eskerrak eman nahi izan dizkie Kontuz euro 1 kanpainan parte hartu duten herritar guztiei. Adierazi du jasotako diruarekin zer egin pentsatzen dabiltzala orain. Eta gaineratu datozen bi urteetarako lortu dutela laguntza, baina ez hurrengoetarako, eta, beraz, etorkizunean kontuan hartu beharreko ekimena izango dela.

Oñatin dagoeneko lantaldea martxan dago Itzuliko azken etaparen bukaera eta erlojupekoa antolatzen.

Martitzenetan egiten dute bilera, 19:00etan, Aloña Mendin.

Azkeneko urteetan hirugarrenez

Talde horretan dauden aurreko itzulietan ibili zirenak: 2000 urtean Oñatin hasi zen, 2005ean Oñatin bukatu zen eta Contadorrek irabazi zuen etapa hura, itzulia Di Lucak) dabiltza aurten ere lanean.

Anton Elortzak dio atzoko erabakia jakin arte gauza asko atzeratu egin dituztela baina orain bete-betean dabiltzala lanean.

90.000 euro

90.000 euroko gastua du Oñatirendako etapa horiek antolatzea.

Anton Elortzak eta oraingo taldeko beste hiru lagunek utzi egingo dute antolaketa taldea aurtengo itzulia bukatutakoan. Anton Elortzak 25 urte daramatza antolakuntzan.

Elortzak aderazi digu du bera antolakuntzan egon den bitartean borroka egin duela 5-6 urtean behin Oñatira ekartzen Euskal Herriko Itzulia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak