Dendariek biltegietan denbora askoan saltzeke dituzten produktuei irteera bat ematea, eta era berean, herritarrei produktuak oso merke saltzea. Horixe du helburu Txandako zuzendaritzako kide den Aitor Ugarteren esanetan egubakoitz eta zapaturako antolatu duten outlet-aren helburua.
Herriko ia 30 komertziok hartuko dute parte ekimen honen lehen saiakera honetan; era guztietako komertzioak gainera: zapata eta arropa dendak, optikak, iturginak, liburu dendak, dekorazio dendak...
Aurrera begira asmoa da outlet-a era zentralizatuan egitea, dendari denek leku berean: eguraldiaren arabera herriko plazan edo kiroldegian. Baina egubakoitz eta zapatukoan, eguraldi ona eginez gero, komertzio bakoitzak dendaren kanpoan jarriko ditu euren produktuak. Zapatu goizean gainera, ibilgailuendako itxita egongo dira Kalebarria eta Kalezaharra.
Outlet-ean erositakoak ordaintzeko orduan, ezingo da txartelik erabili, eta produktuak aldaezinak izango dira. Asmoa da aurrerantzean urtero antolatzea outlet-a, urtean behin edo birritan.
Euskal Herriko Itzulia
Baina ez da outlet-a Txandatik prestatzen ari diren ekintza berezi bakarra. Euskal Herriko Itzuliak aurten Oñatin izango duen presentzia ikusita, elkarteko dendetan Txandaren txartelarekin ordaintzearren, 30 opari banatuko dituzte zozketa bidez, tartean, bi bizikleta.
Dendariek gainera, euren erakuslehio eta komertzioak era berezian apaintzea da asmoa; txirrindularien gauzekin, hain zuzen ere.
Aitor Ugarteren esanetan, Txandaren egungo erronketako bat da oraindik elkarteko kide ez diren merkatariak eta baita ostalariak ere elkartera batzea; bere esanetan horrela elkartea sendoagoa izango delako eta gauzak lortzea, errezagoa.