Binilozko disko berria aurkeztu duzue asteon. Zergatik biniloa?
Kapritxo bat da. Gustatzen zaigun euskarri bat da, nik neuk biniloak erosten ditut batzuetan eta Xabik, gure gitarristak bilduma eder bat ere badu. Gustatzen zaigun formatu bat da, kapritxo bat.
Entzule gutxiagorengana helduko zarete, ordea...
Badakigu ez dela batere komertziala. Guretzat egin dugu, gutizia bat da. Masiboki entzuten ez den formatua bada ere, badu bere zirkuitua eta geroz eta talde gehiagok ateratzen du biniloan.
Ondo pasatzea izan da beti zuen helburua.
Guretzat hau guztia denbora pasa bat da. Beti izan gara musikazaleak eta orain dugu aukera musika egiten saiatzeko. Ez gara musikari profesionalak, baina ondo pasatzen dugu.
Zer esango zenuke diskoaz?
Oso naturala da diskoa. B Serieko filmen edo fanzine kulturaren eragina du. Bat-batekotasuna gustatzen zaigu; ez dugu mezurik helarazi gura. Oso abesti motzak dira, letra gutxikoak, eta gauza oso bat-bateko eta gaineko bat egitea da asmoa, mezu transzendental barikoa.
Surf, garage doinuak... Uaouh, Miauh & Yeah! zuen aurreko diskoaren joera berdina du?
Garagera jo dugu gehiago. Rock and roll klasikoaren egiturak erabili ditugu. Abesti motzak dira, konplikazio barikoak. Hori da bilatzen eta gustatzen zaiguna. Gainera, hori da jotzen dakigun bakarra.
4 abesti berri dira. Letrak umorezkoak?
B Serieko pelikulak, zombi kontuak, mamuak, komikietako eragina ere badago, gu kontsumitzaileak garen aldetik. Hori da letra aldetik ateratzen zaiguna.
Horregatik Horror Songs izenburua.
Beldurrezko filmen estetika dauka eta hortik abestien izenburuak ere. Zonbidantza, Mamuaren Jauregian, Yuri Gagarin... Beldurrezko, zientzia fikziozko filmak... Hori da estetika.
Abesti guztiak dira zuenak?
Aurreko diskoan bertsioak ere sartu genituen baina oraingoan abesti guztiak guk sortu ditugu.
Taldekide bakoitzak estilo propioa omen du. Mesede ala kalte egiten dio horrek taldeari?
Mesede egiten diola esango nuke. Aberastasuna ematen dio. Gure soinua ez dago guztiz definituta, ez gara musikari onak eta ez dakigu musika egiten. Esango nuke taldekide bakoitzak bere estiloa edukitzeak aberastu egiten duela taldea, abesti bat monotonoa izan daiteke eta beste bat dibertigarria, taldekide bakoitzak bere ekarpena egiten duelako.Gu gure artean oso desberdinak gara eta horrek on egiten dio taldeari.
Diskoak grabatzeak badu garrantzia zuendako?
Belaunaldi kontua dela esango nuke. Gu 1970eko hamarkadakoak gara, eta esango nuke gure belaunaldian badagoela CD edo biniloak ateratzeko joera bat. Gaur egungo talde gazteek ere grabatzen dituzte, noski, mp3 eta halako formatuetan baina, CD edo binilo baten argitaratzearena bai da gure belaunaldiko kontua.
Kontzertuak dira helburua?
Helburua jendea mugiaraztea da. Zuzenekoari begira egindako diskoa da. Hemendik udara bitartean kontzertu mordo bat egingo ditugu. Mutrikun Sharon Stonerrekin joko dugu. Beasainen eta Gasteizen ere egingo ditugu kontzertuak, Oñatin, Iruñean, Tolosan... Gure helburua kontzertuak ematea da.
Dagoeneko kalean dago... Zer esan dizuete zaleek?
Kontzertuetan oso harrera ona egiten digute. Abesti sinpleak izanik, jendea harritu egiten da. Diskoa entzuten duten lagunek ezer esaten ez dizutenean badakizu ez zaiela gustatu. Dena den, guretzat hau denbora pasa bat da eta zuzenekora begira gaude. Horren musika sinplea izanda desberdina izatea lortzen dugu. Pentsa, bataiatu gaituzte talde txarrenetan onena bezala! Gu gustura gaude egin dugunarekin.