Aldarrikapenerako tartea ere egongo da: Martxoaren 8an ekitaldia eta elkarretaratzea egingo dituzte Herriko Plazan, 19:00etan.
Bertso saioa emakumeekin
Askotariko ekitaldiak antolatu arren, guztietan emakumea izango da protagonista. Adibidez, hilaren 11an egingo duten Gona gorriak antzezlana. Theatrola Konpainiak emakumeen gaineko antzezlana eskainiko du 18:30ean Santa Ana antzokian. Bestalde, hilaren 23an, Ez da kasualitatea bertso saioa egingo dute: Ainhoa Agirreazaldegi, Onintza Enbeita, Alaia Martin eta Uxue Alberdi bertsotan eta Arantzazu Saiz pianoa jotzen. Egoitz Aizpuru izango da gai-jartzailea. Sarrerak bost eurotan eros daitezke.
Autodefentsa ikastaroa
Bestalde, sei orduko defentsa ikastaroa egingo dute, emakumeendako, hilaren 17an. Bada, izena kultura etxean edo txantxiku.feministak@gmail.com helbidean eman behar da.
Azkenik, hilaren 15ean zineklub emanaldia (La fuente de las mujeres pelikula) eta 21ean ipuin kontaketa egingo dituzte. Azken hori, 7-8 urtekoendako.
Martxoaren 8ko adierazpena |
|
Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna hurbil daukagun honetan, Oñatiko Udalak gizon eta emakumeen arteko benetako aukera-berdintasuna lortzeko lanean aritzeko dugun konpromisoa berretsi nahi du. Aldaketa garaia bizi dugun Euskal Herrian. Aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko garaia. Emakumeak aldaketa horren subjektuak izan daitezen politika feminista garatzea ezinbesteko konpromisoa da. OÑATIKO UDALAK BULTZATUKO DUEN POLITIKA FEMINISTAK HONAKO HAUEK KONTUAN IZANGO DITU: Emakumeok jasaten dugun zapalkuntza egiturazkoa da. Hau da, jendartearen egituraren emaitza da eta antolaketa ekonomikoan, politikoan eta ideologikoan uztartuta dago. Egiturazkoa da patriarkatua erabat errotuta dagoelako gure jendartean eta antolaketa eredu hori sistema kapitalistaren ezinbesteko zutabea delako. Udaletan garatu nahi dugun politika feministak estrukturala den arazo bati erantzun nahi dionez, ezinbestean politika integrala izan behar du emakumeen bizitzaren arlo guztietan eragin behar duelako. Politika feministak emakumeon eskubidean oinarrituko da. Beste herri eredu baten eraikuntza dugu helburu. Hau da, gizon eta emakumeen arteko harreman eredu berri bat eraiki nahi dugu. Politika feministak emakumeen gidaritza eta parte hartzea bilatuko du. Politika honen definizioa mugimendu feminista eta emakume taldeekin egin behar da. Horien parte-hartzeak politika feminista erreala definitzea ahalbideratuko du. Espezifikoki landuz, baina zeharkakotasuna ahaztu gabe martxan jartzen ari garen proiektua oinarri feministetan egituratuko dugu eta gure herrian sortzen ditugun politika guztietan ikuspegi feminista kontuan izango dugu. Bukatzeko, Oñatiko Udalak mugimendu feministak antolatuko dituen ekimen guztietara joateko deia luzatu nahi die herritar guztiei. Asko dugu egiteko eta asko dugu ikasteko. Politika feminista gure herrian marrazten ari garen aldaketa politiko eta sozialaren izarra bihurtu behar dugu. Oñatiko Udaleko Berdintasun batzordea. Oñatiko Udaleko Berdintasun batzordea |