Jone Elortza: "Oso kirol gogorra da, baina engantxatu egiten du"

Mireia Bikuña 2012ko mar. 2a, 02:00

 

16 urterekin hasi zen sokatira egiten Gasteizen. Egun 37 urte eta bi alaba ditu. Urritik sokatira denboraldia prestatzen egon da, eta orain jaso ditu emaitzak: munduko eta Euskal Herriko txapelduna da Jone Elortza. Harekin egin dugu berba.

 

 

 

500 kilotik beherako finala txinatarren kontra irabazi zenuten. Zer moduz?

Gogorra izan zen. Txina Taipeik talde gaztea dauka, baina era berean, oso handiak eta esperientziadunak dira. Teknika zorrotza duen taldea da. Txinatarren izterrak nirearen bikoitzak zien. 

Finalean defentsa estrategia erabili genuen; hau da, soka asko jaitsi eta indarra mantendu, azkarrago zein talde nekatzen zen ikusi arte. Zorionez, txinatarrak nekatu ziren azkarrago.

 

500 kilotan urrezko domina jantzi zenuten, eta 540koan zilarra. Helburuak beteta?

Bai. Oso pozik gaude. Helburuak horiek ziren: dominak lortzea. Horiek irabazteko egin dugu lan urritik. Denboraldiko prestakuntza munduko eta Euskal Herriko txapelketei begira antolatu dugu.

Nolako maila egon da txapelketan?

Ona. Talde guztiak ondo prestatuta joan gara. Txinatarrek adibidez egunero entrenatzen dute. Sokatira kirol nazionala da Taipein eta txapelketak irabaztearren dirulaguntzak jasotzen dituzte.

Munduko txapelduna eta baita Euskal Herrikoa ere. Dena den zure curriculuma zabalagoa da.

2012an Euskal Herriko txapelketak lortu ditugu 500 eta 540 kiloko probatan. Baina, aurretik beste domina batzuk ere lortu ditugu: 2000. urtean zilarra munduko txapelketan; 2002an urrea; eta 2010ean zilarra.

Sei hilabeteko denboraldiak egiten dituzue sokatiran.

Bai, hala da. Irailean eta urrian fisikoa lantzen dugu gehienbat. Norbere kontura antolatzen da: korrika egin, luzaketak, gimnasioa... Ondoren, sokarekin hasten gara lanean. Gasteizen entrenatzen dudanez, hiru egunetan joaten naiz sokarekin entrenatzera. Beste bi egunetan prestakuntza aerobikoa egiten dut.

Sokatira, familia, lana... Nola bateratzen dituzu horiek guztiak?

Gogorra eta zaila da. Bi alaba txiki ditut, eta sukaldari lanak egiten ditut ikastolan. Zortzi orduko lan jardunaren ostean, denbora hartu behar dut entrenamenduak egiteko, eta halakoetan, familiak galtzen du.

Nola hasi ziren sokatira egiten?

16 urterekin hasi nintzen. Ordu hartan Gasteizen bizi nintzen, eta sokatira ezagutzen zuten lagun batzuek animatuta hasi nintzen sokarekin. Egun 37 urte ditut, eta oso gustura orain arte egindako bidearekin. Oso gogorra izan da, ia urte guztietan sokatiran ibili naizelako. Ama izateko sei bat urtetan ez nuen tiratu, baina alabak hazi bezain pronto itzuli nintzen.

Zer dauka sokatirak zuretzat horren erakargarria izateko?

Sokatira bigarren mailako kirola da askorendako, eta behin probatu ezkero, engantxatu egiten zaitu edo gorrotatzen duzu. Ni engantxatuta nago. Kirol gogorra da, asko sufri arazten duena. Akaso horregatik gustatzen zait.

Kirol gogorra dela esan diguzu. Eskuek sufritzen dute gehien?

Gorputz osoak sufritzen du: hankak, besoak... Ordu asko entrenatzen dugu, baina eskuak dira sokarekin kontaktu zuzena dutenak. 20 urte sokatiran ibili eta gero, nireak behintzat kailuez beteta daude. Asko zaindu arren, oso latza dauzkat eskuak. Alabak esaten dit eskuekin ez laztantzeko, min egiten diodala. 

Denboraldia amaituta, zer egingo duzu orain?

Lehen lehenik, atseden hartu. Gasteizerako joan-etorriak bukatu ditut, eta orain denbora gehiago izango dut familiarekin egotea. Alabek asko eskertuko dute.

Bestalde, nere kabuz entrenatzen jarraituko dut. Korrika egin, gimnasiora joan, mendira... Lasai ibiliko naiz, soka alde batera utzita.

Denboraldi berriari begira zer? Bada, oraindik ez dakit. Talde polita daukagu, eta dagoeneko lagunak gara, baina lan eta sakrifizio handia eskatzen du. Munduko txapelketak bi urtean behin egiten dira, eta ondo pentsatu beharko dut.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak