Aurten Oñatik aparteko protagonismoa izan behar zuen Itzulian, azkenaurreko etapa Oñatin amaitzerarekin batera –herrian bi itzuli egin ostean– hurrengo egunean ere erlojupeko erabakigarria egitekotan zirelako (19 kilometro Oñatiko auzoetatik barrena). Baina Itzulia eta Donostiako Klasikoa antolatzeko 150.000 euro falta dira: "Nire ustez diru kopuru hori huskeria da horrenbeste urte dituzten lasterketak galdu behar badira. Itzulia aurten egiten ez bada egutegian leku hori galduko genuke, eta gero zaila izango da errekuperatzea. 51 edizioren ostean horrela ibiltzea ere...", adierazi digu Elortzak. Hala, egun hauek erabakigarriak izango dira, eta astebururako berririk ez badago datorren astelehen edo martitzenean komunikatua aterako dute.
Espainiako Vueltari, "Euro bat ere ez"
Hori da Eusko Jaurlaritzako Patxi Mutiloak adierazi duena, Vueltak aurten ez duela sosik hartuko, izan ere, Mutiloari askok aurpegiratu diote Vueltaren alde egin izana, eta Euskal Herriko Itzulirako diru-laguntza murriztea. "Baliteke atzean politika kontuak ere egotea, baina ni ez naiz horretan sartuko, gurea ez delako politika, eta bai lasterketak antolatzen laguntzea".
'Kontuz! 1 euro' kanpaina abian
Aurrekontua osatzeko falta den kopurua lortzeko kanpaina abiarazi dute, ziklismoa maite dutenek ekarpen txiki bat egiteko. Helburua da bakoitzak euro bateko –edo gehiagoko– ekarpena egitea kontu honetan: 2101 0072 76 0012986386.