Zer du, ba, erakargarria irudiaren munduak?
Irudiak berak erakartzen nau. Txikitatik gustatu izan zait marrazketaren mundua, baita eskulanak egitea ere. Gainera, komunikatzeko bidea ere bada; errazagoa iruditzen zait argazki bidez adieraztea hitzez baino.
Eta irudiez zer duzu, ba, gustuko transmititzea?
Ni neuk argazki kamera hartzean naturako elementuak islatzen ditut. Izan ere, natura nire izaeraren parte handi bat da.
Argazkilaritza ikasi zenuen; horretan ikusten duzu zure burua?
Argazkilaritza mundua asko gustatzen zait. Dena den, zaila iruditzen zait hortik bizi izatea, eta une honetan ez dut nire burua argazkilari moduan ikusten. Hala ere, gogoko dut argazkilari baten lanak atzetik izan dezakeen zeregina; esaterako, erakusketak antolatzea.
Orain, zehazki, produkzio lanetan zabiltza, ezta?
Bai. Beti gustatu izan zait zinema mundua, eta, hain zuzen, horregatik ikasi nuen Ikus-entzunezko Komunikazioa. Alabaina, denborarekin ohartu naiz alderdi teknikoa baino, gogokoago dudala kudeaketa arloa eta hortik bideratu nahi dudala etorkizuna. Grabazioak egitea eta editatzea oso dibertigarria iruditzen zait, baina kudeaketan sentitzen naiz gusturen. Hala, egun, Mecal nazioarteko zinema jaialdian laguntzen nabil: hornitzaileekin harremanetan jartzen naiz, produkzio planak zehazten ditut, datu baseak eguneratu... Egia esan, oso gustura nabil, eta asko ikasten.
Beste jaialdi batzuetan ere ibilia zara.
Hiri handi batean beti daude aukera gehiago kultura arloan, eta, hori horrela, bi zinema jaialditan lagundu dut boluntario gisa: batetik, Sitgesko beldurrezko eta fantasiazko nazioarteko jaialdian; eta bestetik, DocsBarcelona dokumentalen nazioarteko jaialdian. Horietan egin dudana izan da: jendeari harrera egin, akreditazioak banatu eta jendea zegokion aulkira eraman. Lan horrek, era berean, zinemako sare pertsonal bat eraikitzea ere ahalbideratu dit; izan ere, jende asko ezagutu dut eta ideiak konpartitzeko ere balio izan dit.
Bartzelonan bizi zara. Gustura Katalunian?
Esan beharrean nago kostatu egin zitzaidala Bartzelonako errutinara ohitzea: egunero metroa hartu beharra, distantzia-denbora erlazioa, hizkuntza ezezaguna, espazio natural gutxi aukeran... Hala ere, banoa ohitzen eta duen enkantua ezagutzen.
Erabat integratuta zaudela esango nuke, castellers talde batean ere badabiltza-eta.
Kanpoan egon arren, garrantzitsua da nork bere lekua aurkitzea. Hala, euskal erroak mantentzeko Euskal Etxeko dantza taldean nabil. Kataluniako kulturari dagokionez, berriz, Santseko castellersen colla-ko partaide naiz. Gazteluak sortzeko orduan, ezaugarri fisikoak izaten dira kontuan. Nire kasuan, garaiera dela-eta, oinarrian izaten naiz, laguntza modura. Hala ere, nesken erakustaldi batean egin nituen oinarri lanak; hala, nire sorbalda gainera igo ziren.
Erakustaldi gehiagotan hartu duzu parte?
Castellers erakustaldiek denboraldia izaten dute; martxo inguruan hasi eta azarora bitartean izaten da. Denboraldi garaian, ia domekero hartu dut parte erakustaldi baten.
Bartzelonara eginda egon arren, etxera gustura itzuliko zara, ezta?
Bai; indarrak hartzeko bada ere, gustura itzultzen naiz. Bartzelona bezalako hiri handi batek eragiten duen estresetik alde egin eta, hain zuzen ere, lasaitasunean naturaz gozatzeko aukera ematen dit Oñatik.