Noiztik Azkoagainen kargu?
17 urte daramatzat. Laun lanean nenbilen Jose Luis Agirre zenarekin, eta hark proposatu zidan Azkoagainen laguntzen hastea. Irakasle ona izan nuen hona heldutakoan: Karmelo Lazko; hark irakatsi zizkidan belar naturalaren zainketari buruzkoak.
Eta zure lanaren barruan zer sartzen da? Zeintzuk dira zure eginbeharrak?
Belar naturala zegoenean, belarra moztu egin behar zen, ongarria bota, haziak landatu... Belar artifizialarekin, elurra edo euria egiten badu izurtzeak edo zuloak egin daitezke zelaian, eta malla bat pasa behar da, edo hutsuneak kautxuz bete. Aldagelei dagokienez, orain dela urte batetik hona beste enpresa bat da garbitasunaz arduratzen dena. Baina mantentze-lan orokorrez neu arduratzen naiz: sarrailez, ateetako sareez, hodiak oztopatuta badaude askatzeaz, aulkiak konpontzeaz... Oraingoz, behintzat, hori nire ardura da.
Belar naturala izatetik belar artifiziala izatera pasatzeak aldaketak ekarri zituen, beraz...
Asko; esaterako, ordutegietan. Lehen, zapatuetan, goizeko zortzietan sartu eta gaueko hamaika eta erdietan edo hamabietan irteten nintzen. Ez nintzen familiarekin bizi, Oñatiko familia handiarekin baizik. Nire bi seme nagusien hazkuntza ia osorik galdu nuen; orain, laguntza dudanez, bi txikienekin egoteko astia dut. Nire familiarekin beharrean, hemen egoten nintzen dena ematen.
Dena den, nahiago omen duzu belar naturala.
Bai, nahiago dut zelai naturala, baina jokalariendako. Zelai artifiziala sufrituagoa da, egur handiagoa emateko. Hala ere, egia da naturala esker onekoagoa dela: lehen, zaintzen nuen moduan zainduta, denboraldia bukatzean ederki egoten zen. Oraingoa beti berdin dago; malla pasatu edo ez, ez da alderik nabaritzen.
Jendeak ondo errespetatzen ditu instalazioak?
Hemen sartzen den jende guztiarekin, jendeak errespetu handia du, kiroldegiekin alderatuta, esaterako. Baina ni neu gainean egoten naiz: norbait kolpeak ematen badabil, harekin berba egitera joaten naiz, modu onean eta iskanbilatan sartu barik. Saiatzen naiz gaztetxoei adierazten ingurua zaindu egin behar dutela.
Baloratuta sentitzen zara?
Bai, eta nik neuk ere estimu handia diot hemengo gazteria osoari. Asko maite ditut, ez dut inoiz inorekin arazorik izan eta ni ere maitatua sentitzen naiz. Lehen, harreman zuzenagoa nuen, eta hori nabaritzen den zerbait da: zureekin gutxiago egoten zinen, baina gehiago bizi zenuen taldeko jendearekin. Orain ere, mutikoak prest egoten dira laguntzeko.
Azkoagainen lan eginda zara futbolzalea, ala aurretik ere bazinen?
Egia esan, ez zait futbola inoiz ere gustatu; beti gustatu izan zait gehiago eskupilota. Futbol partiduak ikusten ditut ikusi beharra dudalako; baina ez esan etxean partidu bat ikusteko, ez dut ikusiko-eta. Azkoagainen, animatzekotan, Aloña animatzen dut, noski: hala sentitzen dudalako,baina ez futbola delako. Nire mutilak animatzen ditut; eskubaloian jokatuko balute, berdin animatuko nituzke.
Urte hauetan guztietan, Aloñarekin momentu onak eta ez hain ona bizi izango zenituela...
Azkoagainen bizi izan dudan momenturik txarrena oraindik ere faltan igartzen dudan Jose Luis Agirreren heriotza izan da. Momenturik onena? Denak: egunerokoan mutikoen aldetik sentitzen dudan babesa, klubeko jendeak duen giroa...
Animalia-denda bat izandakoa zara. Zeintzuk dira eroateko errazagoak: animaliak ala Aloñako jokalariak?
Batzuek esaten dute zenbat eta jende gehiago ezagutu, orduan eta gehiago maite dutela euren txakurra. Hori ez da nire kasua: oso ondo eroan naiz guztiekin, uste dut pertsona bakoitza merezi duen moduan tratatu dudala. Behar denean babesa eta aholkua ere eman diet: talderako hautaketetan kanpoan geratu direnean, maitasun arazoak dituztenean...