2011n grabatutako lana
Iazko maiatzean hasi zuten disko berriko grabazio lana. Bi zatitan grabatu dute: alde batetik, bateriaren zatia grabatu zuten 2011ko maiatzean, Iruñako Estudio 21ean; gainerakoa, uztailean grabatu zuten Oñatiko musika eskolan. "Musika eskolan lokal bat utzi ziguten eta produktore lanak egiten Iban Yañiz ibili da. Yañizek badu esperientzia horrelako gaietan", azaldu du Egoitz Olalde taldeko bateria joleak. Iraila eta azaroa bitartean nahasketa lanak egin dituzte Yañizen etxean. Taldekideak gustura geratu dira emaitzarekin: "Etxean egindako diskoa dela esan daiteke. Soinu aldetik gustura geratu gara. Bagenekien arriskua zegoela profesionala ez den batekin lan egitea, haren alde apustua egitea. Alde horretatik beldurra genuen baina oso pozik geratu gara soinuarekin", dio Olaldek.
"Nik esango nuke disko berria aurrekoaren jarraipena dela. Soinu gogorrak egin izan ditugu aurrekoetan baina ahots melodikoarekin lagunduta, koro asko sartu izan ditugu abestietan. Agian, disko berria aurrekoak baino zerbait geldiagoa da" argitu du Olaldek. Bederatzi abestiz osatutako lana da: abestien musika eta letrak eurek sortu dituzte eta abesti guztiak euskaraz dira. "Ez dugu gai konkretu baten inguruan berba egiten, dena ukitzen dugu. Batez ere esperientzia pertsonalak kontatzen ditugu. Letretan ez ditugu aldarrikapenak egiten, gure letrak esperientzian oinarritzen dira: bizitza, maitasuna… adibidez, badugu abesti bat alzehimerrari buruzkoa dena. Ez da alzehimer hitza erabiltzen baina hori adierazi gura dugu", azaldu du abestien gaien gainean galdetzerakoan.
10 urteko ibilbidea
2001ean sortu zuten Sharon Stoner taldea. Hala, iaz 10 urte bete zituzten Iñigo Ibarrondo, Mikel Zarketa eta Egoitz Olaldek talde bezala. Orduan ez zuten ospakizun ofizialik egin izan ere hirugarren lan luzearekin buru-belarri lanean zebiltzan.
Urte horiek guztietan hainbat mugarri izan ditu taldeak. Nabarmenenak hiru izan dira: 2005eko urtarrilean Danbaka musika lehiaketako lehenengo edizioa irabazi zuten. "Bost abestiz osatutako maketarekin aurkeztu ginen eta sariak aukera eman zigun lehenengo diskoa grabatzeko: 3 mila bira", dio Olaldek. 2006ko ekainean, berriz, Bilbao Hiria Pop Rock lehiaketan Azkena Rock Festival saria jaso zuen talde oñatiarrak, Euskal Herriko rock talde onenari ematen dioten saria. Abuztu bukaeran Gasteizen egindako Gasteiz rock jaialdian parte hartzeko aukera izan zuten; besteak beste, Pearl Jam talde ezagunarekin batera jo zuten.
Azkenik, Bilbon euren talde kuttunetarikoa baten abeslariarekin jotzeko aukera izan zuten: Kyuss taldeko John Garcíaren talde berriarekin, Hermano taldearekin.