Udalbatzan dituen hamaika zinegotzietatik hiru falta ziren arren (tartean Mikel Biain alkatea, Sabin Usandizaga presoa bisitatzen zegoena), Bilduk ez zuen arazorik izan atzoko osoko bilkuran aurreko agintaldian udalbatzak bosgarren edukiontziaren alde onartutako erabaki-eskaera indargabetzeko. Koalizioko zortzi zinegotziek erabakia indargabetzearen alde egin zuten, EAJ seirek aldiz, kontra.
EAJ: "Atez atekoa sistema inposatzailea da eta herritarren artean kezka sortzen du"
Puntu hau izan zen osoko bilkuran eztabaida gehien sortu zuena. EAJko zinegotzi Lourdes Idoiagak hainbat kritika egin zizkion hartutako erabakiari. Salatu zuen atzoko erabakiarekin bertan behera uzten dela aurreko agintaldian sentsibilitate ezberdinetako zinegotziek gehiengo osoz hartutako erabakia.
Gaineratu zuen atzoko akordioa atez atek sistema martxan jartzeko akordio bat dela eta kritikatu zuen proiektu berri honetan oraindik aztertzeke daudela bideragarritasuna, herritarrendako izango duen kostua edota nola eroango den aurrera. Sistema inposatzaile bat dela gaineratu zuen, baita herritarren artean kezka sortzen duela esan ere. Idoiagaren hitzetan eurek ere bat egiten dute zero zabor filosofiarekin, eta ahalik eta gehien birziklatzeko, ondo egiten dutenendako hobariak egon behar dira eta gaizki egiten dutenendako zigorrak.
Gaineratu zuen baina, denok bilketa selektiboa egingo bagenu, berdin dela atez atekoarekin edo bosgarren edukiontziarekin birziklatu: "Helburuak jarri behar ditugu, proiektu zehatz bat jarri behar da eta horren arabera hartu behar da erabaki bat; bi sistemak ondo aztertuta, baina ez bat inposatuta".
Bildu: "Atez atekoa da emaitzarik hoberenak ematen dituena"
Iosu Lizarralde alkateordeak esan zuen bestalde hauteskundeetara aurkeztu zirenenan argi esan zutela atez ateko ereduraren aldeko apustua egingo zutela, zero zabor filosofiara gehien hurbiltzen delako eta Europako eta Gipuzkoako bertako adibideak ikusita emaitzarik hoberenak ematen dituelako.
Azaldu zuen baita ere aurreko agintaldian bosgarren edukiontziaren alde hartutako erabakiak errauskailua eskatzen duen eredu baten alde egiten duela, eta atez ateko eredua martxan jartzeko, beharrezkoa zela erabaki hori atzera botatzea. Kezkatuta dauden herritarrei lasai egoteko mezua igorri gura izan zien gainera Lizarraldek. Bere esanetan, sistema ezarri aurretik kezka guztiak argitzeko hainbat bide jarriko dira martxan, besteak beste herrian egongo diren bi informazio puntuak, informazio bilerak, kanpainak eta erakustaldiak.
Martxoaren 5etik hasita, 'Atez ate, auzoz auzo' kanpaina informatiboa
Hala, kezka eta zalantza guztiak argitzeko datorren martxoaren 5ean hasita, Atez ate auzoz auzo informazio kanpaina abiaraziko dute. Bospasei bilera izango dira, lehena Ugarkalde, San Lorentzo eta Olakua auzoetako bizilagunendakoa; ostalari eta merkatariendako ere egongo da beste bilera bat martxoaren 21ean. "Urtebeteko epea izango dugu guztia landu eta ondo egiteko, eta ez dut zalantzarik, beste kontu batzuetan bezala, oñatiarrek erantzun egingo dutela, eta ondo irtengo dela" esan zuen alkateordeak.
Udalbatzan atez atekoa noiz onartuko den galdetuta, Lizarraldek esan zuen hasieran aurreikusten zutela martxoaren 29an egitekoa zen osoko bilkuran onartzea. Dena den, iragarri zuen egun hori greba orokor eguna izanda, eurek bat egingo dutela grebarekin eta ondorioz, zehazteko dagoela oraindik ere noiz egingo den hurrengo osoko bilkura. Aurreratu zuen baina, ekaina baino lehen onartuko dela atez ateko sistema ezartzea.