Beherapena aurreikusten duen ordenantza urtarrileko osokoan onartu zuten. Oraingoz, hasiera bateko izaeraz onartu dute dokumentua, eta alegazioak aurkezteko epea zabalik dago martxoaren 8ra arte. Dokumentua ikusgai dago udal bulegoetan.
Dirulaguntza, ordainketa baten
Dirulaguntza horiek eskatu gura duten herritarrek bi baldintza bete beharko dituzte: Oñatin erroldatua egotea bi urteko antzinatasunarekin eta nekazaritza ustiategia Oñatin inskribatua egotea eskaera egin baino bi urte lehenagotik. Eskaerak udal bulegoetan egin beharko dituzte ohiko ordutegian.
Nekazaritza ustiategi bakoitzak onuradun bakarra izan dezake. Hori horrela, laguntza bakarra jaso ahal izango du.
Udalak ordainketa bakarrean egingo du aurreko urteko kontsumoari dagokion dirulaguntza.
Kontuan hartzekoak
Eskaerak egiteko orduan, nekazaritza ustiategiko titularrek hainbat betebehar eta dokumentu hartu beharko dituzte kontuan; besteak beste, araudi sektorialek exijitutako administrazio baimen guztiak izan beharko dituzte; landareen osasuna, abereen identifikazioa eta osasuna, eta, horien ongizate eta ingurumenari dagokionez, indarrean dauden araudiek diotena betetzea; eta bestelako higiene eta osasun baldintza guztiak betetzea.