Lotis: "Nire-nirea da diskoa, gura izan dudana egin dut, askatasun osoz"

Miren Arregi Amasorrain 2012ko ots. 23a, 01:00

Angel Lumbreras da Lotis. Gaztetako goitizena, bakarkako proiektuaren izenburu bilakatu da orain. Hura bakarrik da Lotis. Hark sortu, jo eta abesten du. Lagash taldeko gitarra jotzaile ohiak No llueve eternamente diskoaz egin digu berba.

Lagashekin urte mordoa egin ondoren bakarkako disko batekin zatoz. Ezin duzu musika utzi...
Ezin dut utzi, ezin dut. Horrek ez du esan gura egunero sortzen, jotzen, pentsatzen nabilenik, ezta gutxiago ere. Ematen ditut tarteak ezer egiteke. Egon naiteke urte oso bat ezer jotzeke eta bat-batean konposatzeko gogoa sartzen zait... Arraroa da, esaterako, diskoa atera nuenetik ez dut ezer egin.

Beti izan duzu gogoa bakarkakoa ateratzeko?
Bai, beti gura izan dut. Orain talde baten ere ez nagoenez, pentsatu nuen momentua zela zerbait egiteko.

Desberdina omen bakarrik jotzea.
Ez dauka zerikusirik taldean jotzearekin. Bakarrik zaudenean gura duzuna egiten duzu, ez duzu taldekideen oniritzirik behar, gustatzen zaizuna egiten duzu.

No llueve eternamente da diskoaren izenburua; zer da?
Ez dut konplikatu gura izan. Oso disko xumea, soila da. Horrekin esan gura dut gauza erraza dela, edozeinek jo ditzake diskoko kantuak, ez dago konplikaziorik konposizioetan. Oso letra normalak ditu, ni neu naizen modukoa da diskoa.

Oso sentimentala den itxura hartu diogu.
Ez da maitasun disko bat; hori argi utzi gura dut. Sentimenduak adierazten ditut. Sentimendu guztien artean badira maitasuna adierazten dutenak, baina ez da amodiozko disko bat. Min handia dago, betiere bukaera baikorrarekin. Letrak horren dira sinpleak oso erraz ulertzen direla, hala ere, jende askoren iritzia da amodiozko disko bat dela. Nik ez dut hori egin gura izan eta ez dago "maite zaitut" esaldia abesti bakar baten ere.

Nola hasi zinen diskoko abestiak konposatzen?
Neskalagunari abesti bat egin nion duela pare bat urte. Jendeak entzun egin zuen eta hasi zitzaidan esaten ea zergatik ez nuen abesti gehiago egiten. Horrela hasi nintzen. Solo tú zen neskalagunari idatzi niona, eta  Ahora sé bigarrena. Bi abesti horiekin demo bat egin nuen. Jendeari gustatu egin zitzaion eta abesti gehiago idatzi nituen. Diskoan sei sartu ditut.

No pude dejarlo da azken abestiaren izena. Musikarekin duzun harremanaz ari zara?
Bai, guztiz. Bi zati ditu abestiak: lehenengoan, nitaz eta gitarraz dihardut. Lagash taldeari keinu bat egiten diot. Lagashekin bizi izan genuen etsipenaz hitz egiten dut. Horretaz, eta esan bezala, musikarekin dudan loturaz. Ezin diot konposatzeari utzi.

Asmorik baduzu zuzenekoak egiteko?
Oraingoz ez. Niretzat zerbait egin gura nuen, eta egin dut. Ez dut konplikaziorik gura. Lotura handia da kontzertuak ematen hastearena. Lagashekin urte askoan egon naiz kontzertuak ematen, eta orain ez daukat horretarako gogorik. Beste barik, konposatzea gustatzen zait, eta egin egiten dut.

Beraz, ez da helburua ahalik eta gehien saltzea.
Ezta gutxiago ere. Ez dut hemendik ezer atera nahi. Diskoa 3 eurotan ipini dut salgai ahal den heinean produkzioaren gastuei aurre egiteko, baina ez da nire asmoa honekin ezer ateratzea. Nire kapritxo bat izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak