Adrian Chohan: "Bizikletan, erlojuari begira daudenek paisaiaz eta giroaz gozatzeko aukera galtzen dute"

Ander Monedero 2012ko otsailaren 21a

Geldirik egoten ez den pertsona horietakoa da Adrian Chohan (Oñati, 1983). Mendiko bizikletan ibiltzea, kayakarekin itsasoan ibiltzea eta bidaiatzea dira haren zaletasunak.

Bizikletan asko ibiltzen zara, errepidean ala mendian?
Bi erruberaren gainean gustura sentitzen naiz, bai mendiko bizikletan, bai errepidean ere. Baina errepidea baino gehiago gustatzen zait mendia.

Zergatik?
Errepidea mendia baino askoz ere monotonoagoa da, dena antzerakoa da. Mendian, berriz, igoera eta jaitsiera asko daude, paisaia... Mendiko bizikletarekin naturarekiko kontaktua askoz ere handiagoa da. Hori da gehien gustatzen zaidana, naturaren parte sentitzea.

Beraz, mendian ibiltzea berezia da.
Bai. Askotan, mendiko bizikleta eta alforja hartu eta batera eta bestera ibiltzen naiz. Lekuak ezagutzeko beste era bat da; gainera, alforjarekin ia edozein lekutan lo egin daiteke.

Inguruan antolatzen diren mendiko bizikleta ibilaldietan ere parte hartzen duzu.
Bai, asko gustatzen zaizkit mendiko bizikleta ibilaldiak. Bizikletan ibiltzen lagun asko egin ditut, eta haiekin elkartzea eta berriz ere bizikletan ibiltzea asko gustatzen zait.

Horrelakoetan parte hartzen duzunean, erlojuari begira egoten den horietakoa zara?
Ez. Ez naiz eliteko kirolaria, niri bizikletan ibiltzea gustatzen zait, ez lasterketa batean lehena izatea. Nire ustez, erlojuari begira daudenek paisaiaz eta giroaz gozatzeko aukera galtzen dute.

Oñatiko BTT ibilaldia antolatzen ibiltzen zara.
Bai; aurten ere mendi ibilaldia antolatuko dugu. Irailean izango da, Iban Altuberen omenezko bigarren mendi ibilaldia izango da. Lehen, Oñatiko mendi ibilaldia zen, baina aurreko urtean izena aldatzea erabaki genuen. Aurten ibilaldia aurreratu egingo dugu, irailean giro hobea egiteko aukera gehiago daudelako.

Ibilbide bera izango du?
Normalean, urtero aldatzen dugu ibilbidea. Roberto Araotzek egiten du ibilbidea; Oñatiko senda, pagadi eta pinudiak ia inork baino hobeto ezagutzen ditu. Hark egindako ibilbidea markatzen laguntzen dugu guk.

Bi erruberak alde batera utzita, itsasoan ere ibiltzen zara.
Bai, kayakean ibiltzen naiz, baita arrantzan ere.

Zer du kayakak barnealdeko pertsona bat itsasoraino joateko?
Geldirik egoten ez den pertsona bat naiz, eta, ez dakit nola, baina kayakean ibiltzen hasi nintzen. Orain, gainera, nire lehengusua eta beste bi lagun ere hasi dira kayakean ibiltzen.

Kosta ezagutzeko beste modu bat da.
Bai, oinez heldu ezin diren lekuak ezagutzeko aukera ematen du kayakak. Herri batetik irten, inguruko kalak ikusi, eta, nahi izanez gero, batean geratu eta hamarretakoa egiten dut.

Beraz, kayakean ere, kirolak naturarekiko duen kontaktua da gustuko duzuna.
Bai; niretzako, naturarekin bat egitea plazera da, eta itsasoan erraz lortzen da hori. Egunerokotasunetik deskonektatzeko modua da.

Bidaiatzea ere gustuko duzu.
Bai, kirola eta bidaiatzea uztartzen ditut. Bizikletan eta alforjarekin bidaiatzen dudanean, lekuak beste era batean ezagutzen ditut.

Horrela bidaiatzeak askatasun handiagoa ematen du?
Dudarik gabe. Bizikletan joanda, erreka bat ikusi eta bainu bat hartzeko aukera dago; autoan joanda, berriz, ez dira lekuak ondo ezagutzen.

Udan horrela ibili zara, ezta?
Bai; abuztuan lagun batekin batera Transpirenaika egin nuen. Guztira, bizikleta gainean 1.200 kilometro egin genituen, eta, gainera, bidean lagun batzuekin elkartu eta lau egun batera egon ginen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak