Antzezlanak, modu batean, gaur egungo sistema kritikatzen du: polizia eta sistema eskolarra, batez ere.
Aitziber Garmendiaren lana
Nabarmentzekoa izan zen Aitziber Garmendia gazteak egindako lana. Polizia agentea, emakume frantsesa, institutuko ikasle eta baita irakasle ere. Paper horiek guztiak egin zituen Garmendiak. Freskotasuna eta naturaltasuna erakutsi zuen eta ikusleen artean behin baino gehiagotan eragin zuen barrea.
Gauzak adierazteko moduan grazia berezia duela erakutsi zuen; baina, hizkerarekin bakarrik ez, gorputzarekin ere ederto moldatzen dela erakutsi zuen. Pertsonai bakoitzari ibilera eta gorpuzkera berezia eman zien; institutuko irakasleari, adibidez, ipurdi galanta jarri zion. Antzezlana amaitu zenean, gainera, detaile berezia izan zuen amarekin: Zorionak ama zioen kartela atera zuen, antzezlana ikustera joan zen ama zoriontzeko asmoz.
Euskalkien erabilera
Aktoreek nork bere euskalkian lan egiten dute Wilt antzezlanean. Isidoro Fernandez eta Fernando Ruiz aktoreek euskara batuan egiten dute lan baina gainerakoek euren euskalkia erabiltzen dute taula gainean. Horrek gertutasuna eta naturaltasuna ematen dio antzezlanari eta ikusleek gustura hartzen dute gertutasun hori.