Argentinako edukiontziak, arriskuan

Mireia Bikuña 2012ko otsailaren 13a

Oñatiko Hermansoloña GKEko kideak arduratuta daude. Azken hamar urtetan Argentinara materialez betetako 31 edukiontzi bidali dituzte. Bada, bidalketa horiek arriskuan daude, hango gobernuak hartutako erabaki baten erruz: ezin dira erabilitako arropa eta oinetakoak Argentinara inportatu. Elkartasun taldeak bidaltzen duen materialaren %70 erabilitako oinetakoak eta arropak dira. Hori horrela, otsailean ez dute materialik jasoko.

Hermansoloña GKEko kideek, lagunek, bazkideek eta boluntarioek badakite zein den egoera, eta kezkatuta daude. "31 edukiontzi bidali ditugu, eta debekuak ezustean harrapatu gaitu. Gogorra izan da, eta han ditugun kontaktuek esan digute egoera konpontzea zaila izango dela. Eurek ere ez digute edukiontziak bidali ahal izateko bermerik ematen", dio Urteagak.

Zer gertatu da Argentinan halako erabakia hartzeko? "Gobernuko kideak aldatu egin dira, baina presidentea  bera da: Cristina Fernandez de Kirchner. Eta jakin badakigu, Jose C. Paz ezagutzen duela zortzi bisita egin dituelako. Proiektu asko ipini dituela martxan han. Hori horrela, badaki zein den hango egoera eta zeintzuk diren dituzten beharrak. Dena den, Argentina hazi egin da ekonomikoki eta indarra hartu du. Baina, era berean, pobrezia handia dauka; batez ere, Buenos Aires inguruan eta kanpoaldeko probintzietan: Jujuy, Chaco, Misiones, Salta... eta komunitate indigenetan", dio. 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Aurrerantzean zer?

Hermansoloña GKEk 10 urte bete zituen 2011ko urrian. Hasieratik Argentinara bidaltzeko materiala bildu dute. Oraingo debekuak bere horretan jarraitzen badu, Bidebarrietako lokalean duten materialaren zer egin erabaki beharko dute. "Argentinakoa bertan behera geratzen bada, beste elkartasun proiektu batzuekin egingo dugu lan. Haitiko proiektuan egiten dugu lan Beasaingo Elkarlanean erakundearekin; Maliko proiektuan Joxan Larrañaga parrokoarekin; Kongokoan Beasaingo taldearekin... Gainera, Oñatiko Caritasekin lan egiten dugu, baina hemen dugun material karga ikusita, akaso, Gipuzkoako Caritasekin elkar lanean hasi beharko gara", dio. 

Batera edo bestera, baina orain arte jasotakoa, pobreendako edo beharra dutenendako izango dela argi utzi gura dute: "Herritarrak lasai egon daitezela. Lokalean jaso dugun materiala behar den lekura bidaliko dugu. Ez da alperrik galduko, eta beharra duten pertsonengana helaraziko dugu. Nora bidaltzen dugun esango dugu", esan digu Urteagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak