Goizean entsegua eta arratsaldean estreinaldia. Ganbara Txikikoek gogor egin dute gaur Mirrix katua musikalaren estreinaldia ondo ateratzeko. Ehun lagun pasatxok hartzen dute parte ikuskizun berrian, lagunen garrantzia azpimarratu nahi duen lanean.
Mundu osoko katuak eta ahotsak dira protagonista lehenbiziko zatian; ordu erdiz, bost kontinentetako kantuak ekarri dituzte Oñatira Ganbarako katakumeek, Aitor Biainen zuzendaritzapean eta Miel Guridi narratzaileari jarraituta.
Atseden txiki baten ondorioz, bigarren zatiari ekin diote kantari txikiek. Ainhoa Urtzelai (Mirrix), Lutxiano barraskiloak (Gorka Aranburu) eta Mikel Freire (artzain txakurra) hartu dute protagonismo nagusia orduan. Haien alboan Ganbara Txiki eta Ganbara Txikitxoak izan dira. Nota bakoitzean jarri duten ilusioa nabarmendu du Biainek emanaldiaren hasieran eta txalo zaparrada luzea eraman dute guztiek amaieran.
Ipuin musikatua salgai
ipuin musikatua salgai jarri dute gaur Santa Anan. 600 ale kaleratu dituzte. Oñatiko kultura etxean eta Sesiñena ilea-apaindegian izango da eskuragarri 20 eurotan. Iazko abenduan kaleratu zituen Ganbara Txiki abesbatzak ipuin musikatuen bildumako lehenengo bi aleak: Eskolopendra eta Jostailugilea ipuinak. Oraingoan, bildumako hirugarren alea aurkeztu dute. Ipuinok liburu eta CD batez osatuta daude. CDan ipuinaren kontaketa osoa eta play-back bertsioa aurkezten da, erosleek abestu eta dantzatzeko aukera izan dezaten. Josu Elberdin (Pasaia, 1976) musika irakaslearekin kolaboratu dute oñatiarrek Mirrix katua aurrera ateratzeko.
Aitor Biain zuzendaria, pozik
Emanaldiaren aurretik lasai zegoen Aitor Biain. Emanaldiaren ondoren, lanean harrapatu dugu, eskenatokia desmuntatzen, pozik.
Dena ondo atera da, ala?
Bai. Azken baten neska-mutilek badute esperientzia dagoeneko aurreko lanetatik eta horrela lan egitea, egia esateko, gozada hutsa da.
Zer nabarmenduko zenuke gaurko ikuskizunetik?
Makillaje, apainketa eta atrezzo aldetik jauzi bat eman dugu eta magia puntu hori lortu ahal izateko erabakigarria izan da. Bizpahiru ordu eman ditugu gaur makillatzaileekin eta ile-apaintzaileekin
Orain, zer?
Ikuskizuna kanpora eraman nahi dugu, baina ikusi egin behar... Eta datorren urtean beste ipuin musikatu bat egitea da asmoa.