Babes sozialaren eta lehen sektorearen aldeko aurrekontuak

Mireia Bikuña 2012ko otsailaren 10a

"2012rako aurrekontuen eztabaida prozesuan esandako moduan, saiakera berezia egin dugu babes sozialak bermatzearen alde. Bizi dugun krisia kontuan hartuta, gizarte zerbitzuetan ez dugu murrizketarik egingo". Hori izan zen udal aurrekontuak aurkezterako orduan Bildu Udal Taldeak bereziki azpimarratu zuena. Hori, eta lehen sektorea indartzeko egingo duten ahalegina: "Herriko produktuen ekoizpenarekin zerikusia duen erabilerarako lehenetsiko dugun lokal bat erosiko dugu". Ia 16 milioi euroko aurrekontua izango dute.

Ongizate Zerbitzuak

1.820.015 euro izango dituzte esku artean. "Zaindu beharreko" batzordea dela uste du Bildu Udal Taldeak. Hori horrela, pobreziara zuzendutako partida 68.000 eurotik 80.000 eurora igo dute. Gainera, desbabes egoeran daudenei laguntzeko 60.000 euro bideratuko dituzte. Batzorde honetan igoera nabarmenena Udalaren jabetzakoak diren etxebizitza sozialak egokitzeko partidak izan du: 1.000 eurotik 30.000ra. Bestalde, garapen bidean dauden herrialdeendako laguntzen partida KPIa beste igo da. Azkenik, zahartzaroa dinamizatzeko programa garatzeko 6.000 euro izango dituzte.

Auzo-bideen inbentarioa

Bildu Udal Taldeak duen beste  erronka nagusietako bat lehen sektoreari laguntza ematea da. Hori horrela, hainbat egitasmo ditu esku artean Auzoak eta Landa Garapena batzordeak: lehen sektorearen erabilerarako lokal bat erosiko dute Berezao industrialdean, eta esnea gordetzeko zisterna bat ipiniko dute. 70.000 euro dituzte horretarako, eta Landa Garapen elkarteak 65.000 euro emango ditu. Bestalde, auzoetako bide eta azpiegituren egoera ezagutzeko, auzo-bideen inbentarioa egingo dute. 20.000 euroko bideratuko dituzte (erdia Landa Garapen elkarteak diruz lagunduko du). Batzorde honek duen gainerako dirua (38.000 euro arte soberan dagoena), beste egitasmo batzuetarako gordeko dute; besteak beste, baso-hondakinak erabiliz Biomasa egiteko aukeren inguruko azterlana egiteko (13.000 euro). Azkenik, auzo-bideak asfaltatzeko 66.000 euro erabiliko dituzte.

Zero zabor filosofia

Ingurumenak batzorde propioa eta partida propioa izango ditu aurten: 215.898 euro. Diru hori erabiliko dute zero zabor filosofia ardatz hartuta, sentsibilizazio kanpainak martxan ipintzeko: eredu zirkularra bultzatu; zaborraren murrizketa, berrerabilpena eta birziklapena sustatu; kontsumo arduratsuaren aldeko kanpainak egin...

Bildu Udal Taldeak "garrantzia handia" eman dio Ingurumenari, eta gainera batzordeetan hartzen diren erabakietan "presente" egongo dela aipatu zuten osokoan.

Berdintasun Plana

Oñatiko emakumeen egoeraren diagnosia (12.000 euro) eta berdintasun planaren diseinua eta garapena (8.000 euro) dira Berdintasun batzordeak –batzorde berria da– aurten izango dituen egitasmo nagusienak. 42.000 euro izango dituzte. Batzorde honen hirugarren hanka nagusia (10.000 euro) sentsibilizazioa izango da: eskolatan, administrazioko langileen artean, guraso elkarteetan eta guraso eskolatan, besteak beste. Emakumeendako ikastaroek jarraipena izango dute: martxoan hasiko da autoestimu ikastaroa.

Udala Uemako kide

Euskara alorrean hiru egitasmo nagusi ditu Udalak: euskararen plan estrategikoaren diagnosia eta diseinua (18.000 euro), Oñatiko euskara sustatzeko ekimenak (5.000 euro), eta Udal Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko eskaera (15.000 euro). Azken hori egin dute jada. Euskara eguneroko jardunetan normaltasunez erabiltzeko bideak zabaltzea da helburua.

Hezkuntzari dagokionean, herriko ikastetxeei ematen zaien dirulaguntzek izango dute igoera nabarmenena (%10). Partida horretan sartuko dira martxan ipini gura duten Hezkuntza Mahaian adostu daitezkeenak: bizikidetasuna, bide-segurtasuna, integrazioa, ingurumena...Bestalde, Errekalde Herri Eskolako galdara aldatzeko 75.000 euro erabiliko dituzte (Eusko Jaurlaritzak %60a itzuliko du).

Sozioekonomia

Bildu Udal taldeak garbi utzi du hasieratik zuzeneko laguntzak ematearen kontra dagoela. Hori antzeman daiteke Sozioekonomia batzordean: enpresa mikro eta txikiei zuzendutako laguntza programa kendu egin du, erabilera txikia zuelako. Horren ordez, eta egungo egoerak eraldaketa sozial eta enpresarial baten beharra duela ikusita, Eraldaketa Sozialerako Plana eta Enpresa Eraldaketarako Plana ipiniko dituzte martxan. Negozio berrien sorkuntza eta daudenen berpiztea bultzatzeko helburua dauka, eta Debagoieneko Mankomunitateak kudeatuko du eskualde osorako: 600.000 euro. Bestalde, langabeziari aurre egiteko, askotariko lanak egiteko langabeak kontratatzeko 160.000 euro izango ditu Udalak.

Azkenik, merkataritzara zuzendutako laguntzak mantendu egiten dira, eta pertsona nagusiendako etxez etxekako katering zerbitzu baten bideragarritasun azterketa egingo dute.

Hirigintzan jaitsiera handiena

Hirigintza eta Zerbitzuk batzordea izan du jaitsiera nabarmenena: %16 gutxiago. "Hainbat faktore hartu ditugu aintzat, baina jaitsiera, erabaki politikoa izan da. Azpiegituratan inbertsioak egin baino, gastu soziala lehenetsi dugu", esan zuten.

Dena den, herriko hiru gune egokituko dituzte: hango bizilagunen lehentasuna izaki, San Lorentzoko perimetroa berritu; anbulatorioko irisgarritasun lanak egin; eta Errekalde eta Bakardade kalearen arteko gunea egokitu. Gainera, herrian dauden umeendako bi jolasleku estaliko dituzte (60.000 euro), eta Olakuan, autobus geltokian, komun publikoa (60.000 euro) ipiniko dute.

Herriko jaiendako diru gehiago

Kultura batzordeak izango duen aurrekontuaren (833.061 euro) zati handiena (%43ko igoerarekin) argitalpen eta sorkuntzari dagokion partidarendako izango da. Bestalde, herriko jaiei bultzada emateko, bai auzoetako jaiendako, bai eta herriko jai nagusiendako diru gehiago gordeko dute: auzoetakorako %15 gehiago eta nagusiendako %9. Krisian egon arren, kulturari "merezitako" lekua egin behar zaiola esan zuten.

Partaidetza eta Komunikazioa

Batzorde horretako igoera bi kontzeptuengatik izan da: parte-hartzean oinarrituko den kultura politikoarengatik eta udal langileekin lortutako hitzarmenarengatik (2011n izoztutako soldatak %2,82 igotzea adostu zuten). Komunikazioan, aldiz, Udalaren barne eta kanpo komunikazio beharrak jasoko dituen azterlana egitea aurreikusten dute. Bestalde, pertsonen harremanetan oinarritutako kudeaketa eredua ezarri gura dute.

Kirolak eta Gaztedia

Larrañako kirolgunea berritzeko erabiliko dute Kirolak batzordeak duen partidaren ia %21 (243.000 euro). Futbol zelaia txukundu eta skate parkea ipiniko dute, besteak beste. Azken hori, Gaztedia batzordeko aurrekontuetatik egingo dute: 30.000 euro. Bestalde, Gaztedia batzordean igo dira jarduera sozio-kulturalerako partida (%8) eta gazte taldeendako dirulaguntzena (%9).

EAJ: "Partiden %80 aurreko agintaldiko jarraipena dira"

Aurrekontuen gainean, Oñatiko EAJren ikuspuntua, honakoa:

"Positiboki baloratzen dugu Bildu Udal Taldeak egindako lana, baina kontra bozkatu dugu ez dutelako onartu Errekalde eta San Lorentzoko berrikuntzekin jarraitzeko partidak eta batez ere, udal langileen soladataren igoerarekin ez gatozelako bat. Ez dugu aukerarik izan hitzarmenaren negoziaketan parte hartzeko. Udal langileen lana ondo baloratzen dugu, baina Udala herritarren zerbitzurako enpresa da, beraz egoera soziaekonomikoaren ispilu izan behar du. Hainbat herritarrek soldata murrizketa izan dute, beste batzuek langabezia... Igoerarekin (2011n %1,71 eta 2012an %2,82) ez gaude ados. Uste dugu ez dela solidarioa herritarren egoerarekin. Bestelakoan, esan behar dugu guk utzitako egoera ekonomikoa, beste udaletxe batzuetakoa baino hobea dela: 2010ean eta 2011n onartutako bi kreditu erabili gabe daude eta Udalaren zorpetze maila bataz bestekoa baino txikiagoa da".

Ekarpen batzuk onartuta eta beste batzuk ez

"Bilduk aurkeztutako aurrekontuetako partiden %80 aurreko agintaldikoen jarraipena direla uste dugu. Guk ekarpen batzuk egin ditugu, eta batzuk onartu egin dituzte: beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak topatzeko bideak, 230.000 euro gehiago lortuz eta horrela diru-sarrerak hobetuz. Gastuetan berriz, Arantzazu Gaur Fundazioarendako dirulaguntza mantentzea, baina baldintza batzuekin; eguneko zentrorako bost plaza gehiago sortzea; pobreziarako partida igotzea; nagusiendako su-detektagailuekin jarraitzea; txirrindulari itzulia Oñatin bukatzeko laguntza; eta, erosketa arduratsua (etikoa, soziala eta berdea) bultzatzea. Beste batzuk, ez dituzte onartu: Baketik zentroaren laguntza 12.000 eurotan uztea; bosgarren edukiontzia martxan ipintzea; Errekalde auzorako 200.000 euroko eta; San Lorentzorako 250.000...".

Agintaldian "jarraitu" beharrekoak

"Bilduren proposamen batzuekin ados gaude, gure agintalditik jasotakoak direlako: enplegu planarekin jarraitu eta gazteena sustatu, jolaslekuak estali... Gure Legealdiko Planean jasotako hainbat arlotan jarraipena egingo dugu: kudeaketan, sarrera eta gastuen oreka eta zorraren bilakaera ikusteko; nagusien zahartzaro aktiborako planean eta, pobrezian; gazteen eta oinarrizko errentatik hurbil daudenen enpleguaren sustapenean; lehen sektorea indartzeko ekimenetan; energia berriztagarrien aldekoetan; mugikortasunean, bidegorri sarea gehitu eta garraio publikoa indartu...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak