Berak garrantzia kendu dio anekdotari, eta guk izenburu nagusira eraman. Urtarrilaren 30ean (astelehena) Harmailatik saiora etorri behar zuen, baina piper egin zuen, Aloñara entrenatzera joateko. Horra ordaina. Bromak alde batera utzita, Oñatikoak hiru Regil kopa irabazi ditu, eta iazko txapela defendatzea tokatzen zaio aurten. Baina, entrenamendu saioak Pierra Menta proba ezagunera bideratuta ditu, eta seguru asteburua bikain aprobetxatu duela.
Zelan hasi zinen eskiatzen?
Kuriosoa da, inork ez dit galdera hori sekula egin, eta kontua da soldadutzan ikasi nuela eskiatzen. Gaztetan mendian asko ibiltzen ginen, aitarekin... baina eskiatzen soldadutzan ikasi nuen. Iruñean egin nuen soldadutza, baina bi hilabete egin nituen Candanchun. Batzuetan pistetan ibiltzen ginen, eta beste batzuetan mendian. Jendeak esan ohi du soldadutzak ez zuela ezertarako balio, eta nik suerte hori izan nuen, zaletasun eder bat bilatu nuen bertan.
Altitoy lasterketa egin zenuten joan den astean, eta euskaldunen artean hirugarren sailkatu. Kontraste ona, Marokotik etorri, eta zuzen Pirinioetako mendiko eskiko lasterketa batera.
Bai, lan kontuengatik Marokon nengoen, eta handik zuzen joan nintzen Pirinioetara, Biarritzetik. Baina, Marokon ere euripean izan ginen, tenperatura nahiko freskoekin, horrenbestez... Gehiago da kulturalki dagoen kontrastea. Hori bai, ez da lasterketa batera ondo deskantsatuta joateko aproposena.
Dena dela, pozik egoteko moduko lana egin zenuten.
Bai, nahiko gustura geratu ginen [Zizurkilgo Balen Tolosarekin osatu zuen bikotea]. Zapatuko etapa gogorra izan zen, lau igoera gogor, tarte teknikoak, elurra ez zegoen egoera onenean... Eta pena, sailkapenean bigarren gindoazelako baina azken korridorean kale egin genuelako. Kranpoi bat hautsi nuen, eta materialarekin arazoren bat edo beste izan genuen, baina egia esan, tarte horretan eskiatzaile gehienek izan zuten zerbait. Kontuak kontu, laugarren iritsi ginen helmugara, eta domekan hirugarren postura egin genuen salto –sailkapen orokorrean 15. izan ziren.
Domekan elur baldintzak erabat aldatu ziren.
Bai, ordu gutxitan 40 zentimetro elur bota zituen eta antolatzaileek domekarako zituzten asmoak aldatu zituzten. Mendian hasi barik herrian hasi zen lasterketa [Luz Saint Sauveur] eta etapa txukuna izan zen. Hor esperientzia izatea garrantzitsua zen, esaterako, eskiei ile gutxiko fokak jartzen, aldapa gora egiteko erraztasun handiagoa izateko [eskiei mendian gora egiteko azpian jartzen zaien funda modukoak dira fokak, irrist ez egiteko].
Zelan doa denboraldia?
Espainiako Txapelketan [Espot-en] jantzi genituen eskiak lehenengoz, eta beteranoen mailan bostgarren izan nintzen. Euskadiko kronoigoeran [Arette-n] beteranoetan lehenengo izan nintzen, eta Boi Taull-en 23. postuan sailkatu nintzen. Ondo, ezin gara kexatu. Dagoeneko lau lasterketa egin ditugu, eta urtetik urtera geroago eta eskiatzaile gehiago dagoela ikusita... Nahikoa lan mailari eusten.
Aurten ere Pierra Mentara joateko asmorik bai?
Hori nahiko nuke, guretako denboraldiko hitzordu garrantzitsuena izaten delako. Pierra Menta lau eguneko lasterketa da, eta izugarri gustatzen zait. Frantzian egiten dute [Areches-Beauforten] eta paraje ederrak zeharkatzen ditu lasterketak. Bertan izena ematea, baina, ez da horren erraza. Guk zortea dugu, Euskadiko mendi federazioaren bitartez dortsalak lortu izan ditugulako, baina egia da frantziar eta italiar asko kanpoan geratzen direla. Hamar urte daramatzat lehian, eta urtero joan gara Pierra Mentara; ea aurten ere dortsala tokatzen zaigun.
Etxe inguruak zurituta daude, aprobetxatuko duzue hori.
Entrenatzeko izugarri eskertzen da, bestela bizikletan edota roller-ekin entrenatzen dudalako. Baina, Arkaitz Letamendik eta biok Pierra Mentan emaitza onena egin genuen urtean Aloñan hilabetez izan genuen elurra, eta ia egunero ibiltzen ginen; ondo entrenatu ahal izan ginen. Sekulako aldea egoten da.



