Eager to learn, eager to share (ikasteko gogoz, banatzeko gogoz) da proiektuaren izena eta bi ardatz nagusi ditu: ikasleek irakaskuntza-prestakuntza prozesuaren analisia egin eta bost eskolek erabiltzen duten metodologia konparatu; eta, elkartrukea egiten dutenean, ikasleen etxeetan egingo dute egonaldia.
'Job-shadowing'
Zuazola-Larraña Institutuko bi irakasle Danimarkan egon ziren ikasturte hasieran –irailean–, proiektua abian jartzera. Orduan zehaztu zituzten, elkartrukerako datak, ikasle kopurua, eta egin beharreko lanak.
Azaroan irakasle bat Alemanian egon zen Job-shadowing delakoa eginez. "Gure irakaslea hango irakasle baten itzal bihurtu zen. Eskolaren egunerokotasuna eta beste irakasleen e lana aurrez aurre ezagutzeko aukera izan zuen", esan digu Lukene Igartua ikasketa buruak.
Hurrengo pausua urtarrilean eman zuten. Bi irakasle eta lau ikasle Alemanian egon ziren. "35 bat ikasleko taldetxoa osatu genuen, eta elkarrekin askotariko ekitaldiak egin genituen, ikastetxe barruan eta kanpoan", esan digu Igartuak.
Bideoak grabatu
Alemaniara egindako bidaiaz gain, beste hainbat lan egin dituzte ikastetxean. Lehen hiruhilekoan ikasle bakoitzak bere familiari buruzko bideo bat grabatu zuen. Era berean, beste herrialdeetako ikasleen bideoak ikusi zituzten. "Harrituta geratu ziren ingelesa bost era ezberdinetara entzun zutenean, eta baita, hango ikasleek zuten ordutegi ohiturekin", esan digute.
Comenius programan parte hartzeko ezinbestekoa da ingelesez berba egitea. Hizkuntza hori aintzat hartuta, ingeleseko testuekin lan egin dute. Zuazolakoek euren lanak beste herrialdeetara bidali zituzten, eta alderantziz, eurek Danimarkan, Polonian, Turkian eta Alemanian egindakoak jaso zituzten. Skype bidez ere konexioak egin dituzte. "Alemanian egon garenean bideo batzuk grabatu dituzte euskarazko oinarrizko esaldiekin. Gu ere hasi gara beste hizkuntzak erabiltzen", kontatu digu Igartuak.
Maiatzean Poloniara joango dira, eta azaroan etorriko dira lau herrialdeetako ikasleak eta irakasleak. 2013an Turkiara eta Danimarkara joango dira.