Nikaraguako umeen eskolatzea posible egiteko laguntza eske

Mireia Bikuña 2012ko otsailaren 6a

Ane Pico, Maddi Urkia, Axier Arriaga eta Leire Larrañaga Huheziko Haur Hezkuntzako Magisteritzako ikasleak ziren 2009an, eta hirugarren ikasturteko praktikak egitera Nikaraguara joan ziren: Diriamba herrira, 2009ko urtarrilean eta otsailean. Hango umeek eskolatzeko zituzten arazoak aintzat hartuta Etagukzergatikez! egitasmoa martxan ipini zuten. Orain laguntza eske datoz.

Gobernuz Kanpoko Erakunde moduan eratuta ez daudenez, zailagoa zaie erakunde publikoek ematen duten dirulaguntzak lortzea. Horregatik deialdia egin gura dute berriro ere herritarren artean. Informazio gehiago: etagukzergatikez.wordpress.com, etagukzergatikez@gmail.com edo Facebooken (Etagukzergatikez Diriamba) edo Euskadiko Kutxako 30350170591700024710 zenbakian. 

Udalekuak eta eskolak

"Urtarrilean heldu ginean umeak oporretan zeuden, eta udalekuak antolatu genituen. Ume mordoa egon zen gurekin, baina, otsailean eskolak hasi zirenean, gehienak kanpoan geratu ziren. Harri eta zur geratu ginen. Arrazoia? Ba eskola pribatua zen, eta gurasoek ez zuten ordaintzeko dirurik. Hileroko kuota bi euro bakarrik zen, baina ezin zuten ordaindu!", kontatu digu Ane Pico oñatiarrak. 

Horrek elkartasun grina piztu zien, eta ume bakoitzari ikasturte bateko eskolak emateko zenbat diru beharko luketen kalkulatu zuten: 30 euro.

Zifra horrekin deia egin zuten lagunen eta etxekoen artean, eta ikasturte baterako laguntza batzea lortu zuten. "42 umerendako laguntza lortu genuen. Eskolako zuzendariak ez zigun trabarik ipini. Gurasoekin berba egin genuen. Garbi esan genien dirua hezkuntzarako izango zela, eta urtebeterako konpromisoa hartzen genuela", dio Maddi Urkia oñatiarrak.

"Eskerrik asko" 

Baina, proiektua hazten joan da, eta oraingo otsailean laugarren ikasturtea hasiko dute, Etagukzergatikez! egitasmoko lau lagunek jasotako diruarekin.

"Urtez urte garatu dugun proiektua da. Ikasturtea bukatuta kontuak egin, eta aurrera segitzeko aukera dugun ikusten dugu", diote. 

 

 

 

Lehen deialditik herritarren erantzuna ikaragarria izan da, eta horregatik eskerrak eman gura dute. "Batez ere lehen deialdia egin genuenean, erantzun ikaragarria jaso genuen. Ondorengo urtetan apur bat txikiagoa. Baina, pozik gaude. Horregatik, laguntza emandako guztiei eskerrak eman gura dizkiegu", esan digute Urkiak eta Picok. Partikularren laguntza ez ezik, ikastetxe eta enpresa batzuena ere jaso dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak