Herritik sortutako eta herriarentzat eginiko kultura, autogestioan oinarritutakoa eta kultura eredu desberdin baten aldeko apustua egiten jarraitzen dute eta oñatiar askok eredu parte hartzaile horren alde apustu egiten dutela argi geratu da. Manu Egaña, Oñatiko Udaleko kultura zinegotziaren esanetan: "Kukutza gaur hemen egotean aldarrikapen festa bat da, herriaren sormen maila izateko eta autonomia maila hori izateko lan egingo dugu. Gainera, nabarmentzekoa da herritarrek proiektu hau aurrera eramateko izan duten inplikazioa".
Kukutzaren astea 'Kukutza Gaztetxea' liburuaren aurkezpenarekin hasi zuten astelehenean, eta astean zehar hainbat ekintza izan dira, besteak beste, autogestioaren inguruko hitzaldiak eta egipziar dantzen ikastaroa.
Egubakoitzean, Monstruoak izeneko antzezlana izan zen institutuko aretoan. Poesia errezitaldia, baina, bertan behera geratu zen eta baita ere, zapatuan plazan egin behar zuten rokodromoa eta zirku tailerra.
Kukutzaren aldeko herri bazkarian, ordea, 150 pertsona elkartu ziren. Bazkal ostean, giro aparta izan zen, zuzeneko musika eta guzti. Arratsaldean, graffitiak egin zituzten Bidebarrietan eta zirku emanaldia izan zen Santa Anan. Jaia bukatzeko, Los Fenomenos de la Naturaleza talde bilbotarrak eta Skasti taldeek kontzertua eskaini zuten Gaztelekuan.
Kukutzakoak ere gustura
Aritz Gardoki Kukutzako kideak jasotako elkartasuna nabarmendu zuen eta gaztetxeak aurrera eramateko eta beraien artean elkarlana sustatzeko ekimen polita dela esan zuen.