Zubillagako hiltegia berritu egingo dute, zerbitzua hobetzeko asmoz

Mireia Bikuña 2012ko otsailaren 2a

Bi lan nagusi egingo dituzte hiltegian: egungo eraikina handitu egingo dute, ekialdetik, 75 metro koadro gehituta; eta hegoaldean 240 metro koadro inguruko aterpe metalikoa egingo dute. "Osasun Sailetik egindako eskaerei erantzuteko lanak dira. Zubillagako Hiltegiak 30 urte ditu, eta, beste horrenbeste irauteko, teknologia berrietara egokitu behar dugu", esan digu Zuillagako Hiltegiko gerente Iraia Solak. 

Eraikina bera handitzeaz gain, barruan beste hainbat lan egingo dituzte. "Kortak egokitu eta txukundu egingo ditugu, eta hiltze-linea luzatu egingo dugu. Gainera, animaliak gordetzeko hotz-ganberak txukundu egingo ditugu, hotza sortzeko sistema berritu egingo dugu eta animalien barruko tripak-eta gordetzeko gela egokitu eta txukundu egingo dugu", kontatu digu Solak.

 

Eguaztenetan garbiketa sakona 

Hamar lagunek egiten dute lan hiltegian: gerenteak, administratzaileak eta zortzi abere-hiltzailek. 06:00etan hasten dira lanean, 14:00ak arte, baina animaliak 10:00ak baino lehen entregatu behar dira.

Astean hiru egunean hiltzen dituzte animaliak: astelehenetan, martitzenetan eta egubakoitzetan. Ganaduzale bakoitzak ardiak, txahalak edo bildotsak entregatzen ditu. Hiltegia arduratzen da pieza bakoitza dagokion harategira bidaltzen. Eguaztenetan garbiketa sakona egiten dute. 

Kudeaketa berria

2011n hasi ziren kudeaketa berriarekin lanean Zubillagako Hiltegian. Iraia Sola hango gerenteak balorazio positiboa egin digu: "Kudeaketa berriarekin, egunerokotasuna askatasun handiagorekin antolatzen dugu. Lehen, Mankomunitatearen jabetzakoa zenean, kudeaketa publikoa zeukan eta edozein prozesu hasteko Mankomunitatearen baimena behar genuen: erosketa egiteko, kontratazioa egiteko... Oraingoa kudeaketa pribatuaren antzekoa da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak