EAJk bosgarren edukiontzia jartzeko hartutako erabakia bertan behera uztea aztertuko du Bilduk

Mireia Bikuña 2012ko urtarrilaren 27a

Oñati Zero Zabor eta Oñatiko AHT-ren kontrako taldeek Gipuzkoan azpiegitura-lan handiak geldiaraztearen aldeko mozioa aurkeztu zuten atzo. Hamar puntu zituen, eta bederatzigarrenak erreferentzia egiten zion 2011ko martxoaren 31ko osokoan materia organikoaren bilketaren inguruan –bosgarren edukiontzia ipintzea– EAJk hartutako erabakiari: bertan behera uzteko eskaera egiten zen mozioan. Bilduk mozioaren alde bozkatu zuen eta EAJk kontra.  Alkateak esan zuen Bildu udal taldeak aurrerago planteatuko duela edukiontzi marroia jartzeko erabakia bertan behera uztea.

EAJk esan zuen "erabakia hartu aurretik aztertu, proposatu eta galdetu" egin beharko litzatekeela eta "ez agindu". Alkateak erantzun zien bosgarren edukiontziaren aldeko erabakia hartu zutenean ere "EAJk ez" zuela galdeketarik egin. Bilduren botoekin mozioa onartu zuten. EAJk kontra bozkatu zuen: "Behin eta berri ezetza planteatzen duen mozioa da. Alternatiba bakarra hausnarketa da. Guk diogu herrialde honek aspaldi hausnartu duela industria defendatzeko eta dugun kokapen geografikoaregatik bide azkarren beharra dugula", esan zuen Lourdes Idoiagak.

 

Bilketa selektiboa

Bosgarren edukiontzia jartzeko erabakia bertan behera uzten badute, Oñatik bide berria hasiko du materia organikoaren bilketan.  "Guk bilketa selektiboaren alde egiten dugu, eta une honetan dagoen sistema onena atez atekoa da", esan zuen alkateak. Bilketa selektiboaren gaineko formazio kanpaina abiarazi dutela gaineratu zuen: "Aurreko astean Antzuolan egon ginen, EAJko ordezkariak ere bai, formazio jasotzen. Aurrerantzean beste bi saio izango ditugu. Ondoren hasiko gara herritarren artean informazioa banatzen", esan zuen Mikel Biain alkateak.

Hamar puntuko mozioa

Azpiegitura-lan handiak gelditzeko mozioak hamar puntu ditu.  AHTren eraikuntzaren, Zubietako erraustegiaren, Pasaiako super-portuaren eta A8 autopistaren bigarren gerrikoa gehiago luzatzearen kontrako adierazpenak egiten zituen hainbat puntutan. Gainera, Zubietako makro-espetxea eraikitzearen "kontrako jarrera" adierazten zuen. Bestalde, mozioak eskatzen zuen azpiegitura-lan handien kontra egiten diren mahai-inguru eta eztabaida ekimenak sustatzea eta otsailaren 4an Donostian egingo den manifestazioaren "bat egitea".

Osoko bilkura jendetsua

Normalean baino herritar gehiago batu zen urtarrileko osokoan. Zero Zabor taldeak egindako mozioa tarteko, talde horretako hainbat kide egon ziren aretoan. Hain zuzen ere, tentsio une gogorrena bozketa egin eta gero sortu zen. EAJk kontra bozkatzen zuela ikusita, lehen lerroan zeudenek, pankarta bat atera zuten PNV txikitzaile zioen.

Osoko bukatu arte egon ziren pankartarekin. EAJ "gogor salatu" du. "Minduta irten ginen osokotik. Pankarta erasotzailea eta iraingarria zen, eta alkateak ez zuen ezer egin pankarta hori kentzeko. Aurreko agintaldian PPko zinegotziak ANVko ordezkariak iraindu dituen bakoitzean, defendatu egin ditut" , esan digu Idoiagak.

Mikel Biain alkateari gai horren gainean galdetu diogu eta zera esan digu: "Pankartarena adierazpen askatasunaren barruan sartzen dugu. Pankartak ipintzen duena gustuko izan edo ez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak