Natura turismoaren inguruko 3. jardunaldiak egin dituzte gaur Arantzazun

Ander Monedero 2012ko urtarrilaren 26a

Natura turismoari buruzko Oñatiko 3. jardunaldiak ospatu dituzte gaur Arantzazuko Gandiaga gunean. Bertan, Espainiako barnealdeko eta natura turismoaren inguruko esperientzia arrakastatsuak ezagutu dituzte eta Euskal Autonomia Erkidegoan esparru publiko zein pribatuan plangintza turistikoan diharduten agente turistikoen iritziak plazaratu dituzte.

Jardunaldiaren irekieran, Oñatiko Alkateak, Mikel Biainek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harremanetarako eta Turismo zuzendariak, Roke Akizuk, natura turismoan eragile publiko eta pribatuaren arteko elkarlana nabarmendu dute.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko Gipuzkoako Lurralde Ordezkariak, Javier Lopez de Larrinagak, turismoaren barruan natura turismoak duen garrantzia azpimarratu du eta lehiakortasun planaren barruan kontuan hartu dutela esan du.

Natura turismoaren inguruko 3. jardunaldian barneko eta naturako gune turistiko baten kudeaketan arrakasta kasuak plazaratu dituzte. Kataluniako Garrotxa eskualdearen kasu da.

Jardunaldian hiru hitzaldi egin dituzte, eta bertan, Garrotxa Turismo elkarteko Josep Maria Prats turismo eta eranbilera publikoko teknikariak, Kataluniako Itinerannia ibilbide sareko koordinatzaile Adriana Ramon Calmek eta Pirenissim proiektuko Pere Portak beraien esperientziak azaldu dituzte.

Arratsaldean, berriz, Euskadiko barne eta naturako gune turistikoen kudeatzaileen elkarlana sustatzeko tailerra egingo dute, eta bukatzeko, Oñatiko sozio-ekononia eta turismo arduradunak, Iosu Lizarraldek jardunaldien ondorioak plazaratuko ditu. Jardunaldian parte hartu duten eragileen artean ateratako ondorioak ‘Aizgorri-Aratz’ izeneko itun bat sinatzea da antolatzaileen helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak