"EBAra iritsi aurretik partidu bat irabazteko nahikoa zen norberak ondo jokatzea, baina aurten horrekin ez da nahikoa. Txukun jokatu dugun partidu asko galdu egin ditugu, kontrarioak maila oso onekoak direlako. Besteak beste, hori aldatu da aurten".
Alde handia fisikoan
Orain arteko denboraldietan taldea bikain moldatu da kategoria berrira, eta hasiera-hasieratik emaitza oso onak lortu izan dituzte. Baina ez zuten aurreikusten EBAn fisikoki halako aldea egongo zenik. "Dezenteko aldeaz kategoria honetan fisikoki talde makalena garela esango nuke, baina guk beste arma batzuk ditugu, eta horiek erabiltzen asmatu behar dugu. Izan ere, kalitate aldetik oso talde ona dugu".
Entrenatzeko arazoekin.
Jardunaldi batetik bestera fundamentuz entrenatu ahal izateko arazoak izan dituzte Oñatin, batez ere, jende faltagatik: "Min hartuta batzuk, lan edo ikasketa kontuengatik, beste batzuk kanpoan... zailtasunak izan ditugu nahi moduan entrenatu ahal izateko.
Baina pozik gaude, bigarren itzulira begira Iñigo Biain eta Ibai Osa moduko jokalariak errekuperatu egingo ditugulako, eta horrek asko lagunduko digu. Horrekin batera, Ander Gartzia ere taldean izango dugu, eta entrenamenduetan laguntzearekin batera kantxan ere bere ekarpena egin ahal izango du. Maila oso oneko jokalariekin jokatu izan du, dagoeneko egin ditu pare bat entrenamendu saio eta erakutsi du ze maila duen".
Natra-Oñatik dena beharko du datozen hilabeteotara begira, besteak beste, Jon Lekuonak utziko duen hutsunea bete beharko dute-eta: "Lekuonak denboraldi hasieran esan zigun ezin izango zuela urte osoa egin, eta hori ere kontutan izan dugu. Baina dagoeneko badakigu nork beteko duen leku hori".
Zapatuan, Easo Zubikoan
Natra-Oñatiren iraultzak asteburuan bertan hasi behar du, Easoren bisitaren kontra (18:00): "Euren kantxan irabazteko kapaz izan ginen, eta Zubikoan ere irabazi egin behar dugu. Easo oso talde gaztea da, eta seguru liga hasieratik hona dezente hobetu dutela, hazi egin direla. Azken boladan hainbat partidu irabazi dituzte, eta horrek esan nahi du kontrario gogorra izango dugula. Fisikoki borroka handia egiten duen taldea da, jokaldi bakoitza araudiaren mugara eramango dute, eta horren esperoan egon behar dugu. Guk, baina, gure jokoa eginda irabazi behar dugu partidua".