Manu Egaña Kultura batzordeburuak adierazi du Kukutzak astebetez Oñati okupatuko duela: “Kukutzan egiten ziren ekintza denak eta bere espiritua Oñatira ekarriko ditugu, oñatiarrek eta kanpotik datozenek bizi eta ezagutu dezaten”.
Egañak adierazi du Kukutza astea antolatzea erabaki dutela, gaztetxe horretan zegoen kultura eredua gustatzen zaielako. Esan du jendeak aktiboki euren parte-hartzeaz sortutako eta kudeatutako eredua zela. Gaineratu du mota askotako kulturak batzen zirela bertan eta adin guztietako jendeari bideratutako ekintzak egiten zituztela. Hain zuzen, antolatu duten programa ere horren eredu dela adierazi du; adin guztietako jendearentzako prestatu dituzte ekintzak.
Hala, datorren astelehenean, urtarrilaren 30ean, hasiko den programan, besteak beste, izango dira: liburu aurkezpena, hitzaldia, zinema emanaldia, bertso paper lehiaketa, antzezlana eta zirko eta dantza tailerrak. Egañak zehaztu du: "Kukutzan ziharduten taldeak etorriko dira Oñatira; eurek emango dituzte tailerrak".
Dantza eta zirko tailerretarako plazak mugatuak dira eta antolatzaileek kultura etxean izena emateko gomendioa egin dute.
Bazkaria kiroldegian
Bazkaria ere izango da, otsailaren 4an, zapatua. Gainera, bazkari berezia izango dela adierazi dute, lunch erakoa. Tiketak salgai daude Kultura etxean, eta Boga, Arrano eta Xagu tabernetan, 10 euroren truke.
Herrijorran Kultura
Kukutza asteari kontzertuekin emango diete amaiera zapatuan, baina otsailean beste hainbat ekintza izango dira kultura arloan. Izan ere, Herrijorran Kultura ekimenaren barruan antolatu dute Kukutza astea eta hurrengo asteetan ere izango da non disfrutatu: antzerki eta inauteri asteak antolatu dituztela aurreratu dute.