Natura turismoaren gaineko jardunaldiak Oñatin hilaren 26an

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko urtarrilaren 17a

Goizean hiru hitzaldi egongo dira, barneko eta naturako turismoaren inguruko esperientzia arrakastatsuak azaltzeko; arratsaldean, ikusegiak trukatzeko tailerra egingo dute.

Natura Turismoaren inguruko III. jardunaldiak egingo dira hilaren 26an, Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Hirugarren jardunaldion asmoa da barneko eta naturako turismoaren inguruko esperientzia arrakastatsuak gerturatzea eta Euskadin esparru publikoan zein pribatuan helmuga horien plangintza turistikoan diharduten agente turistikoen iritziak zuzenean jakitea. Jardunaldiok Oñatiko Udalak antolatzen ditu, Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziaren eskutik eta Gipuzkoako Turismo Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen dute.

Jardunaldiak goiz eta arratsalde

Goizean Kataluniako hiru esperientzia arrakastatsu azalduko dira hiru hitzaldiren bitartez: Batetik, Garrotxa turismo elkarteak Kolaborazio esperientzia bat turismo iraunkorrarentzat delako hitzaldia egingo du; bestetik, Itinerànnia ibilbide sarearen gainean egingo dute berba; azkenik, Pireníssim Proiektua ere azalduko dute: Alt Pirineu i Aran-en lurralde garapenarentzat egindako apustua delako hitzaldiaren bitartez.

Arratsaldean, berriz, parte-hartze tailer bat izango da taldean gogoeta egin eta ikuspegiak trukatzeko. Euskadin funtsezkoa den eskaintza turístico horren eraikuntza-prozesuari, kudeaketari, dibertsifikazioari eta espezializazioari buruzko sektorearen iritzia jasotzea da helburua.

Jardunaldietan izena emateko azken eguna hilaren 24a da.Iinformazio gehiagorako deitu 945 21 81 78 zenbakira. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak