Sindikatuek salatu egin dute Oñatiko beharginaren lan istripua

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urtarrilaren 17a

Oñatiko Altuna enpresan hildako beharginaren familiari elkartasuna adierazi eta lan istripuak salatu dituzte sindikatuek. Antonio Giraldo, Oñatiko Altuna Hermanos enpresako 58 urteko langileak, istripu larria izan zuen joan zen astelehenean, urtarrilaren 9an, lanean ziharduela, Goienak berri eman zuen moduan.

Esmeril harri bat askatu eta kolpeak jasan zituen buruan eta gorputzean gizonezko oñatiarrak. Harrezkero, ospitalean izan da egunetan, koma egoeran, eta zapatuan hil zen. Atzo izan ziren haren aldeko hileta elizkizunak. Bere lankideek egun osoko lanuztea egin zuten atzo, langilearekiko eta haren hurbilekoekiko elkartasuna adierazteko.

Segurtasun neurriak bermatu

ELA eta LAB sindikatuek adierazi dutenez, Gipuzkoan aurten lanean hil den lehen behargina da. Sindikatuek eskatu diete Osalani eta lan Ikuskaritzari gogortzeko lan segurtasunak bermatzeko neurriak. Eta, gogora ekarri dute iaz 64 langile hil zirela lanean zihardutela.

Oñatiko Zubillaga auzoan dago Altuna Hermanos enpresa, 90 urteko enpresa historikoa Oñatin. Inausketa eta lorezaintza lanetarako guraizeak egiten ditu, beste batzuen artean.

Elkarretaratzea gaur

Oñatiko Ezker abertzaleak elkarretaratzea deitu du gaurko, martitzena, 19:00etarako, Oñatiko plazan. "Elkartasun sentikorrena" adierazi nahi dio hildako langilearen familia eta gertukoenei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak