Aloña Mendik 1-1 berdindu du Behobiaren aurka

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko urt. 15a, 21:35

Merezitako berdinketa lortu du Aloñak Azkoagainen, baina berdinketa baino zertxobait gehiago ere merezi izan dute Azkargortaren mutilek. Partiduaren jabe izan dira etxekoak baina irabazteko baloia sareetan sartu egin behar da eta gaur behin bakarrik asmatu dute.

Partidua hasi eta minutu gutxira Ander Mendozak min hartuta utzi behar izan du zelaia. Haren ordez Unai Uribeetxebarria irten da zelaira. Minutuak aurrera joan ahala etxeko jokalariek neurria hartu diote partiduari. Baloiaren jabetza izan dute baina aukera garbiegirik ez dituzte egin. Korner baten ondoren izan du Aloñak gola egiteko aukera garbiena: baloia ia sareetan zegoela atera dute Behobiako atzelariek baloia.

Zelai erdian egindako falta baten ondoren sartu du Behobiak partiduko lehenengo gola. Zoritxarreko jokaldia izan da; izan ere, atezainak gaizki neurtu du distantzia eta ondorioz gola egin diote.

Bigarrenean, golaren bila

Bigarren zatian Aloñak golaren bila irten du. "Jokoa egin dugu eta baita gol aukerak sortu ere", azaldu du amaieran Andoni Azkargorta entrenatzaileak.

Hainbat aukera izan dituzte etxekoek, tartean Roberto Idigorasek buruarekin gola egiteko izan duen aukera. Azkenean, egindako lanak bere emaitza izan du: Josu Juaristik falta jaurtiketa baten ondoren egin du berdinketaren gola.

Partidua irabazteko aukerak

Behin berdinketa eskuetan zutela garaipenaren gola egiteko aukera ere izan dute, baina baloia ez da sareetan sartu. Azkenean, puntu bakarra geratu da etxean, Azkargortaren ustez, "sari handiagoa" ere merezi izan dute.

Gaurkoarekin lehenengo itzulia amaitutzat eman dute. Datorren astean berriro ere jokatuko du Aloñak Azkoagainen, oraingoan Rotetaren aurka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak