Zati batean albora utzi du epaileak, salatzailearen eskaera. Izan ere, Larraitz Ugartek 3.000 euroko kalte ordaina eta barkamen publikoa egitea eskatu zituen.
Epaiketa joan zen azaroaren 29an izan zen eta epaileak abenduaren 14an eman zuen epaiaren berri, baina atzo egin zen publiko. EFE berri agentziak zabaldu zuen.
Azaroaren 29ko auzi saio hartan, fiskalak eskatu zuen salaketa bertan behera uztea. Epaiketak, halere, aurrera egin zuen eta 2.000 euroko isuna ezarri dio Oñatiko EAJri epaileak. Epaia behin betikoa da eta EAJk adierazi du ez duela errekurrituko.
EAJren propagandan
Azkeneko Udal hauteskundeetan Oñatiko EAJren propagandan agertu zen argazki bat izan da salaketaren arrazoia. Argazki hartan ageri zen Larraitz Ugarteren alaba, beste adin txikiko batzuekin batera. Txaloka Udal ludotekan aterata zegoen argazkia. Lehenago, Oñatiko Kontzejupetik Udal aldizkarian argitaratu zen, beste testuinguru batean, ludotekaren berri emateko, hain justu ere.
Adin txikikoaren interesak urratuak
Epaileak argudiatu du argazkiak ez duela Ugarteren alabaren ohorea eta erreputazioa urratzen, baina bai eragiten diela haren interesei, salatua, EAJ, kasu honetan, adin txikikoaren irudiaz baliatzen delako onura bat lortzeko.
Horregatik, ulertzen du epaileak, berezko interesa eta eskubidea dituela adin txikikoak, bere bizitza familiar edo pertsonalaren gaineko datuak edo irudiak erabiliak ez izateko edo argitara ez emateko.
Hanka-sartzea eta akordioa
Lourdes Idoiagak, Oñatiko Udalean EAJren bozeramaile eta azkeneko Udal hauteskundeetan Oñatiko EAJren alkategaia izan zenak, onartu du sententzia. "Hasiera-hasieratik adierazi genuen eta ulertu genuen, hanka-sartzea izan genuela, intentzio barik egindako huts egitea. Eta prest izan ginen Ugarterekin akordiora heltzeko. Bagenekien egindako hanka-sartzeagatik isuna jasoko genuela eta saiatu ginen kalte-ordainak negoziatzen epaitegietara heldu aurretik. Baina beste aldeak ez zuen nahi izan" dio.
Epaiak, esan bezala, ez ditu aintzat hartu salatzailearen eskaera guztiak. Hala nola, barkamen publikoa eskatzearena. Hortaz, Idoiagak dio berresten duela haien ikuspuntua.
Maiatzaren 25ean jarri zuen salaketa Ugartek Bergarako epaitegian. Lehen auzi saioa, ostera, ekainaren 10ean izan zen.
Bestalde, Idoiagak adierazi duenez, Bilduk ere erabili zuen bere hauteskunde propagandan Txantxiku ikastolan ateratako adin txikiko batzuen argazkia eta guraso batzuk kexuak adierazi zituzten horregatik. Bilduk barkamenak eskatu zizkien guraso horiei eta kontua hala geratu zen.