Laguntzaz beteriko brisa freskoa Kolonbiako Las Brisas auzorako

Irati Goitia 2012ko urtarrilaren 9a

Osasun etxea Haitin, Queta komunitatearentzat ura ponpatzeko sistema Argentinan, ikastetxea Beninen, ile-apaindegia Paraguain... Horiek dira Oñatiko Pastoral Barrutiko Misio Taldeko kideek egindako proiektuetako batzuk. Eta beste hainbat dituzte abian.

Euren helburua izaten da dirua batzea, herriko misiolari bat dagoen herrialdean proiektu zehatz bat garatzeko. "Herriko jendeari laguntzen saiatzen gara. Gainera, ezagun bat tartean bada, beti izaten da ikusgarriagoa egiten duzun proiektua eta nora bideratzen duzun dirua", adierazi digu Amaia Ugarte taldeko kideak.

Abegi-etxea Kolonbian
Azken urtean esku artean izan duten proiektua izan da Kolonbiako Las Brisas auzorako eraikin bat egitea. Kasu horretan, Mari Karmen Markuleta moja oñatiarra izan da lotura. Bogotako auzo behartsua da Las Brisas eta hantxe bizi dira Bogotara aukera ekonomiko bila doazenak eta gatazka armatutik ihesi joandako nekazariak. Bada, jende hari laguntzeko helburuarekin ekin zioten abegi-etxe bat egokitzeko proiektuari. Eraikinak hainbat erabilera izango ditu: umeei eskolak emateko eta jatorduak eskaintzeko erabiliko da, kontsulta mendikoak pasatzeko, gaixorik eta bakarrik dauden zaharrei laguntzeko...
2010. urtean hasi zuten proiektua eta dagoeneko batu dute behar zuten dirua. Hasieran, 25.000 euro batzeko konpromisoa hartu zuten, baina, azkenean, 16.000 bideratuko dituzte proiektura, beste laguntza batzuk jaso dituztelako. Eraikina jada eginda dago. Orain bidaliko duten dirua etxea barrutik atontzeko erabiliko da, eta zorrak ordaintzeko.

Hainbat ekintza dirua batzeko
Ekintza ugari egiten dituzte urtean zehar dirua batzeko; besteak beste: Inauterietan txokolate-jana, Gabonetan parrokian egiten den kontzertuan mahaia jartzen dute dirua batzeko eta laguntza eskaerak egiten dizkiete enpresei eta Udalari. Elkartasun afariak ere egiten dituzte hiru hilabetean behin. Bidaurretako fraideek duten lokalean egiten dituzte. "Afari irekiak dira eta edonor etor daiteke. Ostean, nahi duenak borondatea uzten du. Izan ere, elkartzeko aitzakia izaten da. Gure helburu bakarra ez da dirua batzea, jendeak beste errealitate batzuk ezagutzea nahi izaten dugu. Hala, Oñatin dagoen misiolaria gonbidatzen dugu, hura dagoen tokian zer egiten duen transmiti diezagun, edo, bestela, gure proiektuen berri ematen dugu", dio Ugartek.

Beste hainbat proiektu
Aurten jasotako dirua Kolonbiara bideratu dute, baina diru apur bat geratu zaie eta horrekin bi partida egingo dituzte: batetik, aurretiaz izandako proiektu baterako, Queta komunitatearendako, 3.000 euro bideratuko dituzte ponpatze sistema beste toki baten jartzeko. Bestetik, Argentinako JuJuy probintzian okindegi bat jartzeko beste 3.000 euro bideratuko dituzte, bertakoei ofizio bat emateko eta diru-sarrera bat izan dezaten. Haitira eguzki lanparak bidaltzeko dirua batzen ere ibili dira, lurrikarak argindar gabe utzi zituen-eta asko eta asko.

Hurrengo erronka, Malin
Orain, Malin kokatu dute iparra. Ugartek azaldu digu Joxean Larrañaga Oñatiko parrokoak talde bat duela, Mali Elkartasuna izenekoa, eta lan asko egiten dihardutela herrialde hartan; tartean, eskola bat. Umeendako lo egiteko aterpetxea eraiki behar dute orain han. Izan ere, kilometro askora bizi dira asko eta ezin dute egunero joan-etorrian ibili. "Gure proiektua bideratuko litzateke egun osoa eskolan pasatzen duten haur horiek egunean jatordu bat izatea ziurtatzera". Ugartek zehaztu digu badituztela sail batzuk landuta, baina azken urteetan lehorte handia bizi izan dutela eta uzta barik gelditu direla. Beraz, dirua izango litzateke umeek aurten eta hurrengo urtean jatekoa izan dezaten.

Laguntza jasotzeko prest
Hileko bigarren egubakoitzean elkartzen dira, 20:00etan, Garoako lokalean. Ugartek esan digu laguntzeko prest dagoen edonor esku zabalik hartuko dutela. Dirua emateko bi kontu dituzte: Kutxako 2101/0057/56/0123311268 eta
CLPko 3035/0005/31/0050032013.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak