Bestalde, gaurko komunikabideek –paperean zein sarean– tarte zabala eskaini diote atzo Bilbon presoen eskubideen alde egindako manifestazioari. Jendetza batu zen Bilbon, baina hedabideetan ez da zifra-borrokarik antzematen, Gara-k azpimarratu du 110.000 lagun batu zirela Bilboko kaleetan. Debagoienetik ere jende asko joan zen –guztira 31 autobus irten ziren, aste barruan aurreikusitakoak baino gehiago.
Paperean Euskal Herriko komunikabide guztiek dakarte azalean atzoko manifestazioaren berri. Gara-k eta Berria-k gai horri heldu diote azaleko erretratu nagusirako, baina Diario Vasco-k eta Noticias de Gipuzkoa-k Realaren eta Osasunaren arteko derbia aukeratu dute argazkirako. Barruan, berriz, guztiek jaso dute Bilboko irudi ikusgarri bat: kaleak goraino beteta. "Aldarri Kolosala", edota "giza uholde batek kartzela politika aldatzea eskatu du", izenburuak irakur daitezke Berria-n eta Noticias-en.
El Pais egunkariak Chacon aukeratu du azaleko erretraturako, eta zergen gainekoa da titular nagusia. Behean, tartetxo batean aipatu dute "Abertzaleen protesta masiboa presoen alde". El Mundo-k, berriz, tarte handiagoa eskaini dio manifestazioari, eta erretratua ere azalera eraman dute, nahiz eta Chaconena den nagusia: "Martxa handi batek Raxoi presionatzen du, eta ETAko presoendako amnistia eskatu". Hemen dituzue eguneko azalak.
Eta sarean?
Hedabide digitalen artean jarraipen zabala izan zuen atzoko Bilboko manifestazioak. Jarraipen hori baina, ezberdina izan zen oso hedabidearen arabera.
Hala, Gara eta Berria-ren webguneetan esaterako, ugariak izan ziren argazki eta edukien eguneraketak. Hamaika telebistak bere tartea izan zuen bi egunkarien edizio digitalean, zuzenekeko konexio eta irudiekin eta elkarrizketekin.
Espainiako hainbat hedabidetan baina, manifestaziora joandako pertsonen zerrendak garrantzia gehiago izan zuen han esandakoek baino. Zentzu horretan aipatzekoa da Willy Toledo aktore espainiarrarekin gertatua: zenbait hedabidetan, batez ere eskuinarekin lotutakoetan bere presentzia izan zen manifestazioari egindako erreferentzia bakarra, eta gaur goizean ere, berau zen albiste jarraituena El Mundo egunkariaren edizio digitalean. Twitterren ere zeresan handia eman zuen Toledoren presentziak, eta trending topic izan da –ederrak esan dizkiote.
Eta Twitterrekin jarraituz, #kolosala hashtagak trending topic-en zerrendan agertzea lortu zuen atzo iluntzean.