Partidua orekatua jokatu zuten Natra Aloñak eta Basket Burgosek hirugarren laurdenera arte. Hortik aurrera bisitariak izan ziren jaun eta jabe, etxekoen hutsak aprobetxatuta. 13-33 izan zen azken laurdeneko partziala. Lur jota amaitu zuten Igartuak eta haren jokalariek, zaleei garaipena eskaini ez izanagatik.
Etxeko jokalariei dagokienez, Gorka Kintanak 19 puntu egin zituen, Asier De la Iglesiak 17 eta Jagoba Gamarrak 13. Jokalari guztien jarrera, txalogarria; hala ere, momentu erabakigarrietan zuhurtzia eta lasaitasun falta erakutsi zuten.
Atzoko porrotaren ostean sailkapeneko behealdean jarraitzen dute oñatiarrek. 2 partidu irabazi eta 8 galdu egin dituzte Xabier Igartuaren mutilek.
Atzokoan, maskota berriaren aurkezpena egin zuen Natra Aloñak. Sustraitxo du izena eta atzo Zubikoako giroa berotzen ahalegindu bazen ere, ez zien zorte onik eman etxeko jokalariei. Hurrengoan izan beharko.