Oñatin azken hilabeteetan lapurretak ugaritu egin dira. Udaltzainek emandako datuen arabera, 2010ean lapurretagatiko 11 denuntzia jaso zituzten, eta 2011n, berriz, 18 lapurreten salaketa jaso zituzten, azken hilabeteetako gorakadaren ondorioz.
Buzoietan markak
Herritarren ahotan bolo-bolo dabil kontua. Itxura denez, lapurrek hainbat herritarren buzoietan markak egin dituzte boligrafoz edota giltzekin eta horrela markatuta uzten dute sartu behar diren etxea zein izango den jakiteko. Post-it-ak ere aurkitu dituzte herritar batzuek euren leihoetan.
Etxeak hankaz gora jartzen dituztela azaldu digute hainbat testiguk eta lapurtu dituzten gauzen artean, hauexek aurkitzen dira: telebistak, ordenagailuak, urrea edota haragia.
Etxeetan bakarrik ez, garaje edota lokaletan ere ibili dira lapurrak egunotan eta herritarren artean egonezina sortu da eta kezkatuta daude herrian gertatzen ari diren lapurretengatik.
Etxean zeudela lapurretan
Lekuko batek esan digu goizaldeko 01:30ean lapurretan egiten saiatu direla euren etxean, familiakoak lotan zeudenean. Atea zabaldu ezin eta aldamenera jo zutela, baina zaratak entzutean ospa egin zutela.
Ertzaintzak aditzera eman du etxea giltzekin ixtea komeni dela, nahiz eta barruan egon, eta ez dela komeni giltzak sarrailan jarrita uztea, lapurrek iman indartsuak erabiltzen omen dituztelako, giltzari buelta eman eta atea zaratarik egin barik irekitzeko.