2011ko Oñatiko kirolari onenak saritu dituzte

Mireia Bikuña 2011ko abenduaren 23a

Xabier Luis, Markel Irizar, Jon Urtzelai, Aloña Mendik igeriketa saila, Jabi Gomez, eta Angel Mari Etxeberria saritu dituzte gaur, egubakoitza. Gainera, Iban Altube zena omendu dute. Osokoen aretoa lepo bete da. Sarituen senitartekoak eta lagunak, eta udaleko eta Aloñako ordezkariak egon dira.

ARGAZKI GALERIA

Bakarkako kirolari onenaren saria jaso du Xabier Luisek duatloian egindako lanarengatik. Sorian jokatutako Espaianiko txapelketan zortzigarren lekuan bukatu zuen, eta irail bukaeran, Xixonen jokatutako munduko txapelketan seigarren lekuan. Emaitza guztiak 23 urtez azpikoen mailan lortu ditu.

Bestalde, Markel Irizar saritu dute, 2011n bere ibilbideko garaipen garrantzitsuena lortu duelako: Andaluziako Itzulia. Orain dela aste batzuk izandako erorikotik ondo errekuperatu da, eta berak jaso du saria. "Asko eskertu" du.

Entrenatzaile onena eta talde onena

Bakarkako kirola izan arren, talde saria eman diote Aloña Mendiko igeriketa sailari. Euskal Herriko eta Gipuzkoako hainbat txapelketatan lortutako emaitzengatik, baina, batez ere, taldeak egindako ibilbideagatik saritu dute.

Atletismoaren alde egindako lanarengatik, eta Aloña Mendiko diziplina honetako talde guztien entrenatzailea delako azken 16 urtetan, Jabi Gomez izendatu dute urteko entrenatzaile onena. Aloñako atletek 140 domina lortu dituzte 2011n

Luis Mari Etxeberria ere saritu dute. Ziklismoaren alde egindako lana aitortu diote. Beti probak ikusten, argazki kamara lepotik zintzilikatuta.

Sari bereziak

Beste kirol ibilbide bat ere  saritu dute: Jon Urtzelairena, alegia. 15 urtez futbol profesionalean jokatu ondoren (Reala, Vecindarioa, Barakaldo, Eibar...), belauneko lesio bategatik erretiroa hartu du.

Iban Altube zena ere omendu dute. Ziklismoarekin eta mendi bizikletarekin zerikusia zuten proba askotan ibilitakoa izan da. Haren alargun Amaiak eta arreba Leirek jaso zuten oroigarria "hunkituta".

Beste aipamen batzuk

Udalak emandako sariez gain, beste hainbat aipamen egin dituzte. Oñatiko kirola "osasuntsu" dagoela esan dute, eta "etorkizun itzela" duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak