23:00etan hasiko da. Aitor Maiztegi, Iñigo Palacios, Beñat Ruiz, Ander Astigarraga eta Iban Idigorasek osatzen dute Negu Gorriak-i omenaldia egingo dion taldea. Jaietan, di-bertsioak kontzertuan, hiru abesti eskaini zituzten; eta gaurko kontzerturako beste zazpi abesti entseatu dituzte: Hitz egin, Oker dabiltza, Hipokrisiari stop!, Kaixo eta Itxoiten joko dituzte, besteak beste, Oñatiko gaztetxean.
Lagun arteko giroa
Iban Idigoras taldekideak azaldu digu lagun artean eta ondo pasatzeko asmoz igoko direla taula gainera. Kontzertua, gainera, duela gutxi hil den Mikel Ugarte Izaera taldeko kideari eskainiko diote.
CC627 diskoa prestatzen
Arrasateko eta Oñatiko lagunek osatzen dute CC627 taldea. Musikariek gaztetxean apurtuko dute azken sei hilabeteetako isilunea; izan ere, disko berrian buru-belarri lanean dabiltza eta ez dute kontzerturik eskaini azkenaldian.