1995ean heldu zinen Oñatiko Udalera.
1995eko hauteskundeen ondoren sartu nintzen Udalera. Gogoan daukat bozketa egunean interbentore guztiak irratia entzuten geundela Txantxiku Ikastolan, baina ez hauteskunde eguna jarraitzen, derbia baizik. Realak Athleticki 5-0 irabazi zioneko eguna izan zen hura! Oroitzapen onak ditut, bai horixe.
Nolako jarduna egin zenuen?
Lehenengo agintaldian oposizioan egon ginen. Hurrengo hiruretan gobernuan: lehenengoan turismoaren ardura izan nuen eta bigarrenean, legealdi erditik aurrera kirolarena, Joseba Agirre Eslobakiara joan zelako lanera. Laugarren agintaldian zerrendan hirugarren joan nintzen gero beste bati erreleboa emateko asmoarekin, baina zegoen egoerarekin bertan behera gelditu zen asmoa eta Udalean alderdiko lehenengo biak egotea erabaki genuen.
Zinegotzi izandako garaietatik ze oroitzapen dituzu?
Oroitzapen onak dauzkat oro har, dinamika polita egoten zen. Batzorde askotan hartzen nuen parte. Lehenengo agintaldia oposizioan egotea oso baliagarria izan zen ikasketa gisa.
Ze hartu-eman izan zenuen gainerako alderdietako zinegotziekin?
Alderdien arteko harremana ere ona zen oro har, batez ere batzordeetan. Osoko Bilkuratara mozio politikoak sartzen zirenean berotzen zen giroa batez ere.
Zeintzuk izan ziren une gogorrenak?
1997ko uztailean Miguel Angel Blanco erail zuten eguna gogoratzen dut gogorrena bezala.
Arantza Quirogarekin arazoren bat ere izan zenuen.
Legebiltzarrean batera egonak ginen eta Oñatin zinegotzi aukeratu zuten. Udala sortu behar zen zapatuan berarekin egon nintzen udaletxean gauzak erakusten… Bada, handik urte batera edo, liburu batean izugarrizko gezurrak kontatu zituen egun horri buruz Arantzak. Gogoan dut gainera egun horretan bilkura bukatu eta berehala Vigora atera nintzela Realaren partidu garrantzitsu hura ikustera.
Ze proiektu dituzu gogoan?
Niri Arrikrutzekoa gidatzea tokatu zitzaidan. Gu oposizioan geundenean lan-talde batzuk antolatu ziren gaiaren inguruan, herrian zalaparta sortu zelako. Hurrengo legealdian poliki-poliki ekin genion egitasmoari, parte-hartze zabaleko bilerekin, eta azkenean errealitate bihurtu zen. Hurrengo agintaldian, Joseba kanpora joan zenetik, kiroldegiaren handitze proiektuan ere ibili nintzen murgilduta kirol zinegotzi gisa.
Udaletik Batzar Nagusietara egin zenuen salto, eta handik aldundira. Udala, Batzar Nagusiak eta Aldundia. Lan egiteko orduan, ezberdintasun asko dago? Non egon zara erosoago?
Udala eskola ona da beste erakundeetan ibiltzeko. Urrats garrantzitsua. Imanol Muruak beti esaten zidan asko nabaritzen zela Batzar Nagusietara eta Aldundira nor etortzen zen udaletan lan eginda gero.
Orain zertan diharduzu?
Une honetan proiektu berri bat lantzen ari naiz hurrengo hilabeteetan gauzatuko dena. Atzerrian dezente denbora eman beharko dudala uste dut.