Olatz Osa: "Pobrezia gogorra da, baina Etiopian duen dimentsioa izugarria da"

Mireia Bikuña 2011ko abenduaren 19a

Olatz Osa oñatiarra Etiopian egon da, hegoaldean eta iparraldean, hainbat herritan, hango familiekin bizi izaten. Angel Olaranek gidatzen duen proiektua ezagutzen egon da. Elkar Hezi ikastetxean hitzaldia egin zuen hango egoera kontatzeko. Guk ere hainbat galdera egin dizkigu.

Etiopian egon zara. Zergatik?
Azken urteetan herrialde honi buruz iritsi zaigun informazioa, pobrezia, gosea eta gerrateekin loturikoa da. Baina Etiopia Antzinako zibilizazioen guneetako bat da, historia luze eta aberatsekoa. Kontraste horrek erakartzen  ninduen. Gainera, Iparraldeko herrialdeek Afrikan, eta hegoaldeko beste hainbat herrialdeetan, duten esku-hartzea eta egindako sarraskiak ikusi nahi nituen, kooperazioa nola bideratzen den ezagutu… Hori guztiori ezagutu eta ikasteko asmoz joan nintzen.

Ze egoera topatu duzu han?
Oro har bizi baldintzak oso gogorrak dira. Pobrezia berez da gogorra, baina dimentsio horretan ikusteak izutu egin ninduen.
Hango biztanleek esaten zidaten azken urteetan garapen bidean dagoela herrialdea, alfabetatze maila handitzen ari dela, barne gerraterik ez dagoela, bizi baldintzak hobetzen ari direla… Hori errealitatearen parte bat da, baina enpresa handien presentzia gero eta nabarmenagoa da, eta ez hango herritarren bizi baldintzak hobetzeko.
Uste dut herrialde horien garapenak zenbaterainokoa izan behar duen oso erabakita eta kontrolatuta dagoela iparraldean. Gaur gaurkoz, iparraldetik leku horietara bideratzen den laguntza baino askoz gehiago  jasotzen dugu sasi-ordainduta hegoaldetik.

Etiopiako ze lekutan egon zara? Hango familiekin bizitzen egon zara?
Zonalde desberdinak bisitatu ditut, bai hegoaldean eta baita iparraldean eta ipar-mendebaldean. Hala ere, egun batzuk iparraldean dagoen Wukro herrian egin nituen, Angel Olaranek gidatzen duen proiektua ezagutzen. Aspalditik neukan proiektu horren berri eta ezagutzeko interesa nuen.
Kooperazioa egoki bideratzeko bi baldintza betetzen ditu proiektu horrek: alde batetik, bertako herritarrek eskatutako proiektuak dira, bertako herritarrek dituzten gabeziak zeintzuk diren kontuan hartuz gauzatutakoak, eta beraiekin batera eraikitakoak; eta bestetik, epe luzerako proiektuak dira, ez dira kanpoko bultzada baten ondorioz, gaur martxan jarri eta bihar bertan behera geratuko diren proiektuak. Egonaldi horrek, bereziki, bertako jendearekin harreman zuzenagoa izateko aukera eman zidan.

Nola eragin dizu hango egoerak?
Lehenengo egunetan kosta egiten da lurra hartzea eta hemengo eta hango egoerak alderatzen pasatzen nuen eguna, haserre edo ezinegon puntu batekin. Bestalde asko ikasi izanaren sentsazioa ere badut, arrastoa uzten duen bidaia izan da, oso aberasgarria zentzu askotan, eta alde horretatik oso pozik nago.

Zer moduz Elkar Heziko hitzaldia?
Eurek esango dute zer moduz, ni behintzat oso gustura egon nintzen gaztetxoei nire esperientziaren berri ematen. Kooperazioa modu askotara planteatu liteke, eta Etiopian bertan ikusi nuen nire ekarpenik eraginkorrena hango berri jaso, informazioa bildu eta horren berri hemen zabaltzea zela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak