Hainbat istripu ibarrean, haizetearen ondorioz

Usoa Agirre 2011ko abenduaren 16a

Haize gogorra ibili da gurean goizean zehar eta hainbat kalte eragin ditu. Tartean, Elorregin Gurutze Gorriak anbulantziak aparkatzeko duen etxetxoa kaltetu du haizeak eta Oñatin gizonezko batek golpe bat jasan du buruan, haizeak negutegi bat altxatu duenean.

Elorregin, Gurutze Gorriko anbulantziek aparkaleku moduan erabiltzen duten etxetxoko teilatua eraman du haizeak. Suhiltzaileak aritu dira bertan lanean egiturak bestelako arazorik sor ez dezan.

Oñatin, Olabarrieta auzoan, haizeak negutegi bat altxatu eta errepideraino eraman du. Ondorioz, bertatik pasatzen ari zen kamioi batek istripua izan du. Gidariak ez du zauririk izan, baina negutegiko plastikoak erretiratzen zebilen 68 urteko gizonezko batek, buruan kolpea jasan du haizeak negutegia altxatu duenean. Baserritarra Arrasateko Ospitalera eraman dute.

Bestalde, Udanan, zuhaitz bat erori da errepidera eta Oñatitik Legazpirako noranzkoa itxi egin behar izan dute. Ondorioz, Ertzaintzak txandaka eman behar izan du paso.

Teila batzuk ere erorira dira lurrera Oñatiko Iturritxo tabernaren parean.

Haizearen indarra argi ikusi dugu eragin dituen kalteetan, baina neurketek ere hala adierazten dute. Izan ere, Arrasaten goizeko 9:30etan 106 Km/h haizea neurtu da.

Goizeko hamabietan bukatu da haizeagatik alerta, baina asteburura begira abisu horia ezarri dute euria eta elurragatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak