Jose Maria Llavorirendako argazki lehiaketako sari nagusiak

Mireia Bikuña 2011ko abe. 16a, 10:46

Aloña Mendi elkartearen mendi sailak deitutako argazki lehiaketak baditu irabazleak, eta guztien artetik izen bat aipatu behar da: Jose Maria Llavori zumaiarra. Berak irabazi ditu argazki lehiaketak dituen bi ataletako sari nagusia: mendia eta natura saila Alas al sol erretratuarekin, eta denuntzia atala No a las alambradas III argazkiarekin.
Sari banaketa ekitaldia gaur arratsaldean egingo dute kultura etxean, 19:00etan.

Llavorirekin batera, beste saritu guztiak egongo dira gaurko ekitaldian. Mendia eta natura atalean bigarren saria irabazi du Iñaki Idigoras oñatiarraren Ez da giro argazkiarekin, eta hirugarren saria Benito Cantero bergararraren Neilarekin. Atal honetan beste bi sari emango dituzte: mendiko ekintza erakusten duen argazki onena Jose Agustin Gurrutxagaren Gorbeak jasoko du; eta Oñati saria Iokin Astigarraga oñatiarraren Ursa erretratuari emango diote.

Epaimahaian hiru kide

Denuntzia ataleko gainerako sarituak dira: Jose Agustin Gurrutxagaren Muerte en la carretera (bigarren saria), Iosu Garai oñatiarraren Goi tentsioa (hirugarren saria), eta Eusebio Novoa oñatiarraren Burdin hesi hiltzailea (Oñati saria).

Epaimahaiko kideak izan dira Xabier Mata (Ikatza argazkilari elkartea), Raul Esteban (Portfolio Natural) eta Jorge Murgiondo (Arizondo elkartea).

Erakusketa zabalduko dute

Aloña Mendik antolatutako VIII. argazki lehiaketan 67 argazkilarik  hartu dute parte, eta 248 erretratu aurkeztu dituzte (gehienez hiru argazki aurkeztu ahal zituzten pertsonako eta ataleko): 179 mendia eta natura atalean, eta 69 salaketa atalean. Antolatzaileak pozik daude erantzunarekin. "Digitalerako pausua eman dugunetik, nabarmen igo da parte-hartze kopurua: iaztik hona %21 igo da", esan digu mendi taldeko Iñaki Idigorasek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak