Ez duzu makala egin, munduko mendi lasterketa gogorrena dela diote.
Beno, lasterketa saltzeko modu bat ere bada, baina bai, kontutan hartzeko moduko datuak ditu: 330 kilometro, 24.000 metroko desnibel positiboa... Dena dela, inguruko lasterketek baino denbora gehiago ematen dute proba burutu ahal izateko, eta beste erritmo batekin hastea komeni da, lasaiago. Ehun Miliak proba, esaterako, 37 ordutan egin nuen. Baina hemen ez dut erritmo bera eraman.
126 ordu behar izan zenituen lasterketa egiteko, bost egun. Eta bostgarren egunean zer pasatzen da burutik?
Gutxi geratzen dela lasterketa amaitzeko, eta segi egin behar dela, helmugara arte. Gezurra dirudi, baina helmuga zeharkatzean poztasun galantaz batera pena ere sentitu nuen, proba eder hura amaitu zela jabetu nintzelako.
Zenbatgarren eguna izan zen gogorrena?
Lehenengo eguna oso lasai hasi nuen, aurretik bide luzea neukala jakinda. 300. postutik atzera nindoan –500 lagun irten ziren– eta bigarren eguna fisikoki oso gogorra izan zen, hau da, desnibel handiko jardunaldia izan zen. Orduan, baina, oraindik ere fresko nindoan. Lehenengo bi egun horietan ordu bana egin nuen lo, eta hirugarren eta laugarren egunean launa ordu. Dena dela, eguraldiarekin zorte galanta izan genuen, proba amaitu eta handik egun gutxira 2.000 metrora zuritu egin zuelako.
Lehenengo aldia zen halako lasterketa batean lo egiten zenuena.
Bai, Mont Blanc-eko lasterketan [The North Face Ultra-Trail du Mont-Blanc] edota Ehun Miliak proban badago horretarako aukerarik, baina horietan ez dut inoiz lorik egin, posible delako lasterketa jarraian egitea, lo egin barik. Hemen, baina, derrigor hartu behar da atseden, egun asko direlako.
Pentsatzen dut beldurrez hartuko zenutela lo, ordu gutxira zelako gorputzarekin esnatuko zineten beldur.
Bai, normalena delako gorputza erabat gogortzea. Baina alde horretatik harrituta geratu naiz ez dudalako aparteko arazorik izan. Normala den moduan lehenengo ordu erdia gogorra egiten zen, berriro ere berotu arte. Eta, hirugarren egunetik aurrera hasten dira urradurak eta halakoak azaltzen, baina horrez gain...
Gutxigatik ez zenuen proba lehenengo 100 sailkatuen artean amaitu.
Bai, baina horrelako lasterketetan ze postutan amaitzea ez da horren garrantzitsua izaten, eta bai lasterketa amaitu izana. Noski, beti da pozgarria aurrean ibili ahal izatea, baina lasterketa irabazteko 10-15 hautagai egoten dira, eta gainontzekook helmuga baino ez dugu buruan. Lehen esan moduan lehenengo eguna 300. postu inguruan nengoen, eta hirugarren edo laugarren egunean 70. ere egon nintzen sailkapenean. Baina, gero lo egitera geratu nintzen.
Zelan entrenatu halako proba baterako?
Ba nik ere ez daukat garbi, badakidalako ez dudala entrenamendu aproposena egin. Hau da, mendian mordoa ibili naiz, baina ez dut prestakuntza neurturik egin. Euskal Herriko eta inguruko mendi lasterketa mordoa egin ditut, iraupen luzeko probetan izan naiz, eta udan ere bikoteaz Alpetan izan nintzen trekking bat egiten. Nire erantzuna, mendian asko ibilita.
Ondo entrenatuta egoteaz gain, ezinbestekoa da Tor des Geants egin ahal izateko, lehenago iraupen luzeko probetan esperientzia izatea.
Bai, nik uste dut ezinbestekoa dela. Gauza bat da fisikoki ondo prestatuta egotea, baina benetako esperientzia lasterketetan hartzen da: Momentuan gaizki egon arren jakitea lasai ibiliz gero gorputzari buelta eman ahal izango diozula, edo ondo egon arren lasai ibiltzea, estutuz gero bi ordu barru lehertuta egon zaitezkeelako...