Lehen zatian oso ondo jokatu zuten Igartuaren mutilek, eta markagailuan aurretik joan ziren. Hala, sei puntuko aldea ere izan zuten. Trebetasunez ibili ziren gorriak. Erasoan pazientziaz jolastuz, jokaldi eta aukera onenen bila.
Prezipitazio barik ibili ziren: falten bila eta kanpoko jaurtiketak beti bigarren aukera modura erabiltzen. Norgehiagokaren ostean, Igartuak adierazi zuen: "Uste dut denboraldiko 30 minutu hoberenak jokatu ditugula gaur; nahiko ondo egin dugu dena".
Lehia baldintzatu zuen hirukoa
Hirugarren laurdenean ere fin ibili ziren oñatiarrak, baina azken segundoko jokaldi batek partidua baldintzatu zuen. Kantxa erdia baino atzeragotik hiruko bikaina saskiratzea lortu zuten etxekoek. Horrenbestez, bigatik galtzen amaitu zuten hirugarren laurdena Igartuaren mutilek.
Motibazio itzela izan zen saskiratze hori Santanderrekoentzat eta azken laurdenean oso trebe ibili ziren: sei hiruko sartu zituzten. Taulara botatako dena saskiratu zuten. Hala, hamabost puntuko abantaila lortu zuten etxekoek, oñatiarrek gaizki jokatu ez arren.
Amaieran, Igartuak esan zigun: "Hurrengo partidua da hil ala bizikoa, UPV Alavaren aurka duguna, hori irabazi egin behar dugu".