Apaingarri iraunkorrak Gabonetan

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko abenduaren 9a

Kontsumo arduragabeari aurre egiteko, erabilitako CDekin eta plastikozko botilekin apainduko dute herria. Horretarako, Oñatiko Udalak herritar guztien kolaborazioa eskatu du bakoitzak dituen CD erabiliak udal eraikinetan horretarako egokitutako txokoetan uzteko. Botilak jasotzeko, herriko ostalarien kolaborazioa izango dute.

Gabonak bertan ditugu, eta Oñatiko Udal Gobernuak buelta bat eman dio garai hauetan izaten den argiteria, apaingarri eta kontsumo arduragabeari. Horretarako, energiaren eta baliabideen erabilera arduratsua batzeko egitasmoa jarri dute abian espazio publikoak apaintzeko.

Egitasmo horretan, gainera, herriko ikastetxeen laguntza izan dute: "Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleekin material birziklatua erabilita herriko kale eta plazak apaintzea da gure asmoa", esan digu Leire Egañak, Ingurumen batzordeburuak. Beraz, Gabonetan beste itxura bat hartuko du herriak.

Pinurik ez

Herriko plazan, adibidez, ez dute pinurik jarriko. Horren ordez, plazan dauden magnoliak apainduko dituzte erabilitako CDekin eta plastikozko botilekin. Baita udaletxea ere. Eta apaingarri horiez gain, kontsumo txikiko LED argiteria sistema ere erabiliko dute. Girlandekin apainduko dituzte udaletxeko balkoiak, eta girlanda horiek, Gabon ostean ere, udaletxeko balkoietan uztea da asmoa. Kaleetan, aldiz, herriko ikasleek egindako apaingarriak jarriko dituzte.

Erabilitako CDak eta botilak

Apaingarriak osatzeko erabilgarriak diren materialak aztertu dituzte, eta oinarriak hauek direla ohartu ziren: urtetik urtera erabilgarriak izatea, euriarekiko eta haizearekiko erresistenteak; iraunkortasunaren alde egitea, berrerabilpena bultzatuta edota kontsumo txikiko LED argiak erabilita, eta erabilerrazak izatea.

Ezaugarri horiek kontuan hartuta aukeratu zituzten CDak eta plastikozko botilak. Bada, CDak herritar guztien kolaborazioarekin jaso nahi dituzte udal eraikinetan, eta plastikozko botilak herriko ostalarien laguntzarekin jasoko dituzte.

Oñatiko Udala enpresa baten bitartez egiten ari da egitasmoa, eta, apaingarriak lortzeaz gain, ikasleek ere gaiarekin kontzientziatzea nahi dute; horretarako, ikastetxeetan aurkezpenak egingo dizkiete gaztetxoei. Apaingarriak hilaren 12tik 16ra bitartean egingo dituzte ikastetxeetan.

Helburuak

Egitasmoarekin lortu nahi dituzten helburuak hauek dira: herriko plaza apaintzeaz gain, energiaren aurrezpena kontuan izatea eta materialaren berrerabilpena bultzatzea; Oñatiko ikasleen partaidetza izatea apaingarri horiek egiteko orduan eta herritarrengan eragitea. Apaingarriak hilaren 19an jarriko dituzte herriko plazan eta gainontzeko kaleetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak