"Duela hiru urte gazte batzuek danbolin bat erosi zuten, eta, diru apur bat irabazteko eta herrian gaztaina-erreak egon zitezen, herriko plazan hasi ziren asteburuetan gaztainak saltzen. Horietako batzuek orain utzi egin diote saltzeari eta beste batzuk sartu gara. Aurten bost gazteko taldea osatu dugu", kontatu digu Amaiur Zumaldek.
Liburu artetik gaztaina artera
Bostak ikasleak dira, eta, astea liburu artean pasatu ostean, asteburuan sua egin, danbolinari buelta eman eta eskuak belztea egokitzen zaie. Dena den, pozik daude asteburuko ofizioarekin: "Ikasle askok egiten dute lan asteburuetan diru apur bat ateratzeko, baina egia da gurea nahiko ofizio arraroa dela. Gu pozik gaude, gustura ibiltzen gara suaren bueltan oso giro polita sortzen delako. Ume ugari gerturatzen zaigu eta haiekin kontu-kontari ibiltzen gara".
Dena dela, asteburuan bakarrik ez, astean zehar ere egin behar izaten dute lan asteburuan dena prest izateko: "Lanak banatuta ditugu. Batzuk egur bila joaten dira mendira, beste batzuek gaztainak erosten dituzte... eta horrela".
20 kilo inguru egunero
Ofizio guztiekin gertatzen den moduan, gaztaina-erreen atzean ere mundu bat dagoela kontatu digu Zumaldek: "Gauza ugari ari gara ikasten, gaztainak desberdinak dira jatorriaren arabera eta erretzeko orduan hori kontuan izan behar da, baita suaren intentsitatea ere".
Danbolinkada bakoitzean bost kilo gaztaina erretzen dituzte eta egunero lau danbolin betetzen dituzte, gutxi gorabehera. Bada, Gabonetako oporretan ere izango dira gaztaina-erreak plazan.