"Terrenoa Hezkuntza Sailarena da, eta lagapena falta zitzaigun. Dirulaguntza aspaldi izan arren, asko atzeratu da proiektua", esan digu Josu Lizarralde zinegotziak. Udal arduradunek lortu dutena da Aldundiaren dirulaguntza urtez urte mantentzea. Proiektuak argi berdea ikusiko du 2012an. Udalak partida bat izango du hurrengo urteko aurrekontuetan.
Skate parkea ere bai
Oraindik proiektua zehaztu barik duten arren, egingo diren lanen artean futbol zelaia egokitzea dago. Urte askoan herriko futbol txapelketa hartu duen lekuan futbolean jokatzeko zelaia ipiniko dute. "Asmoa da kirolgune osoa egitea. Daukagun diruaren arabera, lehentasunak zehaztuko ditugu. Kirolgunea izatez gain, aisialdirako lekua izatea gura dugu. Gure asmoa da skate parkea ipintzea han", dio Lizarraldek.
San Lorentzoko kirolgunearekin, Azkoagaineko masifikazioa bukatu gura dute. "Aloñaren taldeak, beteranoetakoak, eskola kiroleko partiduak... Ibarra kendu zutenetik, lepo bete da Azkoagain, eta askotan arazoak daude partidu guztiak sartzeko", esan digute.
Partidu gehiegi Azkoagainen
Herriko futbol txapelketako taldeek baimena dute Azkoagainen jokatzeko –lehen, Ibarran jokatzen zuten, Aloñako harrobiko taldeekin batera–, baina euren partiduak ipini behar dituzte Aloñak libre uzten dituen orduetan. Aloña Mendik egun 12 futbol talde ditu.
Gainera, zapatu goizetan, eskola kiroleko neska-mutikoek zortziko futbol partiduak jokatzen dituzte. Hori horrela, Herriko Futbol Txapelketakoek arazoak dituzte jardunaldiak antolatzeko. "Jardunaldi baten bi partidu bakarrik jokatu ahal izan genituen. Arazo asko ditugu jardunaldi bakoitzari dagozkion lau partiduak sartzeko. Larraña berritzen badute, erosoago ibiliko gara", esan digute beteranoen zuzendaritza batzordekoek.
Herriko futbol txapelketako kideek, euren Facebookean, partiduak Larrañan jokatzearen aldekoak eta kontrakoak azaldu dituzte, taldeek horren berri izan dezaten. "Bi kirolgune izanda, erosoago ibiliko ginateke. Baina beteranoetako partiduak Larrañan jokatzen zirenean bederatzik bederatziren kontra jokatzen zuten, futbol zelaiaren neurriek gehiagorako ez zutelako ematen. Ikusi beharko dugu futbol zelaia margotzen dutenean ze neurri duen. Alegia, talde bakoitzean zenbat jokalarik jokatu ahal izango duten", esan digu Anton Sierrak.
Larrañako frontoia, erabilgarri
Eskola orduetatik kanpo erabiltzeko Larrañako frontoia eraberritu zuten 2008an. Ordutik hona, hainbat herritarrek erabiltzen dute pilotalekua, jokatzeko edo entrenamenduak egiteko. Eskaera Larraña institutuan.
Kirolgunea egiten dutenean eskaintza zabala izango dute San Lorentzo, Olakua, Ugarkalde eta Larraña auzoetako bizilagunek.
Partidu barik azken 17 urteetan
Larrañako futbol zelaia 1950eko hamarkadaren azkenetan eraiki zuten agustindarrek. Ordutik hona, makina bat kirol ekitaldi jaso du; besteak beste, beteranoen txapelketako partidu asko, San Lorentzoko jaietako berbenak eta bestelakoak. Azken 17 urteotan ez da Larrañako futbol zelaia apenas erabili eta nahiko egoera txarrean dago gaur egun: argiak eta ateak herdoilduta, belarra hazita...
Herriko futbol txapelketako partiduak Ibarran egiten hasi zirenetik, ez da futbolik egon han. Baina, beteranoen garai onenetan, lepo betetzen zen. Ez zuen harmailarik, eta ikusleak zelaiaren bueltan egoten ziren taldeak animatzeko.