Atzo Santa Anan egindako ekitaldian bi liburuon egileak izan ziren: Eva Ugalde eta Josu Elberdin.
Ugaldek musika jarri dio Eskolopendra lanari; istorioa idatzi, ostera, Mikel Martinezek egin du. Josu Elberdinek, berriz, Jostailugilea lana idatzi eta musikatu du.
Eva Ugalde eta Josu Elberdin
Bi protagonistak Santa Ana aretoko taula gainera igo ziren eta eskerrak eman zizkien Ganbarako kideei lan hau egiteko aukera eskaintzearren. Bide batez, Ganbara bezalako abesbatza bat herrian izatearen garrantzia nabarmendu zuten.
Euskal kulturaren sustapena
Miren Arregi Ganbara abesbatzako presidenteak nabarmendu zuen lanok euskara hutsean eginda daudela. "Ganbarak nazioarteko abestiak ere abesten ditu, baina euskal kultura eta folklorea izan dira beti gure ardatza", azaldu zuen. Amaitzeko, Manu Egaña kultura zinegotziak hartu zuen hitza. "Ganbarako kideen begien distiraz" berba egin zuen Egañak, eta gaineratu zuen "distira horrek jarraitzen duen bitartean Udala laguntzeko prest" egongo dela.
Liburuak salgai daude
Liburuak Oñatiko kultura etxean, Urzai informatika dendan, Altuna estankoan, Ibarrondon, Aritzan, Arantzazuko dendan, Sesiñena ile-apaindegian eta Donostiako Hontzan daude salgai; baita, www.ganbara.org atarian; eta, egunotan Durangoko azokako Badihardugu elkartearen mahaian ere egongo dira salgai. Bietako bat 20 eurotan, eta biak 35 eurotan.